Unax Arnaiz: «Denak egiten du aurrera, zergatik musikak ez?»
Unax Arnaiz, musikaria
BINKE / 2022ko maiatza
«Denak egiten du aurrera, zergatik musikak ez?»
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: @ANDER.PRS
Mundu mailan denen ahotan dauden musika genero berriak iritsi dira Galdakora. Orain arte jendartean ezezagunak ziren estiloek hautsak harrotu eta lortu dute haien tokia aurkitzea nazioarteko eszenan, eta ari da pixkanaka gure inguruetara iristen. «Wax 960» dugu Galdakaon horren adibide.
Bere burua «Wax 960» ezizenez aurkezten duen musikari gaztea da Unax Arnaiz (Galdakao, 2001). Gertu bizi izan du rapa nerabezarotik gaurdaino, baina ez du harreman handirik izan musikarekiko duela gutxira arte. Konfinamenduan zehar hasi zen bere kantei forma ematen eta hauek gorpuzten, eta hala, joan da azken hilabeteetan gutxika hauek kaleratzen sarean. Galdakoztar gazteak harrera ona izan du orain arte aurkeztutako lanetan, eta hortaz eta honetaz sakontzeko aukera izan du hurrengo lerroetan.
Nola azalduko zenioke sekula entzun ez zaituen bati zer motatako musika egiten duzun? Batez ere egungo gazteriaren artean pisu handia hartu duten genero batzuetan murgilduta nago une honetan, «drill» eta «Marsella» dute izena hauek. Erritmo dantzagarri eta biziak dituzte sortzen ari diren genero berri hauek, abestia ezagutu gabe ere edonor dantzarazi dezaketenak, eta honek zirraratzen nau bereziki, betetzen ditu nire barrenak. Finean rapa dute jatorria denek, eta azken urteetan izandako bilakaera esanguratsua izan da oso.
Nori edo zeri zuzentzen dizkio bere kantak 20 urteko gazte batek Artista bakoitzak erabakiko du nori idatzi, zeri heldu eta zein helburu finkatu. Norberak dituen motibazioak asebetetzeko egingo du bide baten edo beste baten hautua, eta horren arabera idatzi letrak. Nire kasuan, esaterako, kantak orokorrean lagunei zuzenduta daudelako haiekin bizitako momentuak «izoztu» eta kantetan islatu ohi ditut, batez ere haiek goza dezaten. Egiten edo idazten duzun horrek norbera betetzea, hor dago gakoa.
Musikaren alorrean akaso erabateko haustura bat atzoko eta gaurko belaunaldien artean, ezta? Bai, erabatekoa. Sarritan entzun izan dut helduen aldetik gainera guk egiten dugun hau «ez dela ona», edo «jada ez dira lehengoen antzeko talderik existitzen» eta beste hamaika lelokeri. Akaso hobe lukete hauek denek behintzat minutu bat eskaintzea egungo gazteek egiten dugun musikari, edozer esan baino lehen. Denak egiten du aurrera, zergatik musikak ez?
Freudek zioen zerbaitek bilakatuko badu nahitaezkoa dela «aita hiltzea». Hil da dagoeneko? Ez guztiz. Nire kasuan esaterako handia da etxean «lehengo» musikarekiko dugun zaletasuna, eta horrek hor dirau, baina aipatutako metafora niri dagokidanez ari da betetzen, bai. Zer esanik ez ingurukoen artean, nork entzuten du jada orain dela urte batzuetako musika gazteen artean? Uste dut zerbait naturala dela hau, beharrezkoa inkluso. Badaude oraindik garai bateko horri eusten dieten printzak, baina gutxiengoa dira.
Aiman JR, Nickzzy, The Poing bezalako mainstream gazteak Bilbo eta inguruetan. Mundu ezezagun bat askorentzat? Ez soilik azpimarratutako horiek, beste hainbat daude horietatik at inguruko bazterretan. Euskal Herrian, esaterako, «mundu» honen biran gaudenok ari gara ikusten badaudela beste hainbat gazte hasten eta hazten, eta haien lekua aurkitzen. Eta ez soilik abeslariak; gazteei dagokienez ari dira hazten filmmakerrak, ekoizleak, zigiluak eta abar. Hala ere goian nabarmendutako horien mailara iristeko uste dut muturrera eraman beharrekoa dela ogibidea, eta niri behintzat ez dut uste hau dagokidanik.
Horren dira bitxiak garai berri hauek ezen ez da beharrezkoa musika notak zeintzuk diren jakitea musikari izateko. Zer iritzi honi dagokionez? Ni harago noa. Musikak jada ez du lehen egiten zenaren antzekorik ia. Kaleratzen den kanta batek arin nekatzen du entzulea hilabete gutxiren biran, zeharo aldatu da lehengoarekin alderatuz paradigma. Dena doa azkar, sartzen da eta handik eta gutxira irten. Hala ere sinisten dut badagoela benetan ondo zaintzen den eta egiten den musika, baina denbora gehiago eskaini behar zaio honi.
Beraz, edonor izan daiteke musikari gaur egun? Gauza guztien antzera. Denborak erabakiko du ostean egindako horren emaitza zein den. Hala ere uste dut kasu honetan berebizikoa dela eskaini beharreko dedikazioa. Eta ez hori bakarrik. Nahiz eta egindako horrek maila izan, nekeza da jendearekin bat egitea, konektatzea eta haiek ere egindako horretan sinistea. Egungo musikarientzako uste dut azken horrek duela benetako garrantzia, beraz uste dut konplexua dela honen guztiaren inguruko ulerkera, nire aburuz bederen.
Musika eta politika. Historian zehar elkarren eskutik helduta joan diren bi termino. Hala dirau? Ezetz esango nuke. Gazteek orokorrean, musikari dagokionez, uste dut nahiago dutela ur handietan murgildu baino egunerokotasunean bizi dituzten bizipenak islatzea kantetan. Kontua da batzuek uste dutela paso egiten dugula gauza guztiez, baina kontziente gara gertatzen ari denaz, agian ez gara horrekin identifikatzen. Politikariek galde dezatela hobe haien buruei zergatik ez duten gazteriarekin konektatzen, guri ezer eskatu baino.
Eta horren aurrean, zerk lortu du egungo musika genero berriek gazteriarekin konektatzea? Komunitate baten parte sentiaraztea, adibidez. Ez nuke jakingo esaten hala ere zein den zehazki honen guztiaren atzetik dagoen «giltza», baina uste dut sormenari bidea eman dietela genero berri hauek, bideoklipak honen erakusle, eta lehen agian ez zegoen halakorik.
Kontaktua:
Instagram: @wax_960
Posta: 960wax@gmail.com
YouTube: Wax 960
Spotify: Wax