Usansoloko VII. Gazte Eguna ospatuko da martxoaren 4an
TESTUA: Irati Alonso
ARGAZKIA: Lamintxu Gazte Asanblada
Pandemiaren ondorioz hainbat urtetan bertan behera utzi behar izan ostean, berriz ospatuko dute Gazte Eguna Usansolon. Lamintxu Gazte Asanbladak antolatutako hitzordua martxoaren 4an izango da eta bazkarirako tiketak otsailaren 2tik aurrera izango dira salgai Kuluxkan eta Torreondon.
Errealitate berri batera moldatu behar izan zen mundua pandemiaren ondorioz. Kultura arloan esaterako hainbat hitzordu bertan behera utzi behar izan ziren. Usansoloren kasuan ere horrela izan da, urtero ospatu ohi zen Gazte Eguna 2019an egin zela azken aldiz.
Aurten ordea, Lamintxu Gazte Asanbladak berriz antolatu du herriko gazteak batzen dituen ekimena. Martxoaren 4an egingo da zazpigarren edizioa eta hainbat ekintza izango ditu barne.
Eguna 13:07ean hasiko da, poteo musikatuarekin. Ondoren, bazkaltzeko ordua helduko da, 15:07 aldera. Paella eta postrea izango da aurtengo menua eta 12 euroko prezioa izango du tiketak. Lamintxuk jakinarazi duenez, otsailaren 2tik 26ra izango dira salgai Kuluxkan eta Torreondon.
Bazkalostean bingoa antolatu dute eta jarraian Gaualdeko Hasperena taldeak kontzertua eskainiko du. Jada arratsaldean sartuta, Gotx Elektrotxarangarekin batera kaleetan zehar ibiltzeko aukera izango dute auzokideek.
Azkenik, gauean kontzertuak emango dituzte Kaos Etiliko taldeak eta Beranduegi erromeriak 22:07tik aurrera. Jaia DJ Larraitorrek itxiko du.
Lamintxuk ezagutzera eman du duela hiru urte antolatu baina azkenean ospatu ez zen Gazte Eguneko dirua aurtengo edizioa antolatzeko erabili duela. Hala ere, hartu duten erabakiarekin ados ez egotekotan, dirua berreskuratu daiteke urtarrilaren 22an 17:30ean haurreskola ondoko lokalean.