Uztailean aire librean eskainiko diren filmak aukeratu daitezke
Aisialdia
BINKE / 2022ko ekaina
Uztailean aire librean eskainiko diren filmak aukeratu daitezke
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Uztaila honetan udako zinema antolatuko da beste behin Urreta eskolako patioan, eta aurten, haur zein nagusientzako filmen aukeren artean bozka daiteke Galdakaoko Udalak eskuragarri jarritako estekan.
Aurreko bi urteetan egin izan den bezala, aurten ere udako kaleko zinema antolatuko da. Galdakaoko Urreta eskolako patioan eskainiko dira filmak aire librean, uztaileko eguenetan, eta aurtengo berezitasuna, proiektatuko diren pelikulak aukeratu daitezkela da.
Udalak eskuragarri jarritako estekan ikusi daiteke filmen zerrenda, eta dagoeneko badago zabalik bozkatzeko aukera estekan bertan. Uztaileko eguen guztietan antolatuko da udako zinema —uztailaren 7an, 14an, 21ean eta 28an—, eta eguen bakoitzean bi proiekzio eskainiko dira; bata 18:00etan eta bestea 20:00etan.
Lehenengo saioan haurrentzako filmak eskainiko dira, eta bigarrenean, familia osoarentzako edo nagusiagoentzako. Horretarako, bozkatzerako orduan, bi multzotan dago banatuta eskaintza, publikoaren arabera. Lau egunetan eskainiko denez aire libreko zinema, multzo bakoitzeko lau filma bozka daitezke gehienez.
Haurrentzako zein familiarentzako aukeraketan, euskarazko bi pelikularik bozkatuenak aukeratuko dira lehenengo, eta gero hartuko da kontutan bozketa orokorrean zeintzuk jaso dituzten boto gehien beste bi aukeratzeko.