Valentziara eramateko garbiketa materiala batzen ari da GBGE, Etxebarrin eta Bilbondon
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Biel Aliño, El Mundo
La Palmako sumendiaren tragediaren aurrean jokatu zuen bezala, Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak Valentziara laguntza bidaliko du, bai laguntza materiala zein humanoa. Une honetan garbiketarako eta pertsonen babeserako materiala soilik ari dira batzen, Etxebarrin eta bihartik aurrera Bilbondo merkataritza-gunean. Ostiralean abiatuko da lehenengo furgoneta Galdakaotik Paiporta herrira, eta hementxe batu dugu GBGEtik BINKEri azaldu dioten jakin beharreko guztia.
Valentziar herrialdea gogor astindu du tanta hotzak, eta milioietako hondamendi material eta humanoa ekarri du DANA izenez ezagutzen den fenomeno metereologikoak —DANA akronimoek depresión aislada en niveles altos esan nahi du gaztelaniaz—. Horren aurrean, Valentziako herritarrak ez ezik, inguruko lurraldeetako biztanleak ere ari dira Valentzia lagundu nahian.
Laguntza horren baitan, Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartea (GBGE) ere Valentziara eramateko material eskean dabil. Honezkero Etxebarri udalerrian ireki dituzte garbiketa eta babeserako materiala batzeko bi puntu: udal kiroldegian (94 449 3416) eta Mari Carmen dendan (Santa Marina 11 kalean, 09:30-20:30 bitarte).
Martitzen honetan berriz, azaroaren 5ean, Basauriko Bilbondo merkataritza-gunean ere beste bilketa-puntu bat irekiko dute GBGEko kideek, egunero 17:00etatik 21:00 bitarte. Horretarako, GBGEtik BINKEri adierazi diotenaren arabera, «litekeena da Eroskik linea merke bat irekitzea garbiketarako eta pertsonen babeserako materiala erosteko eta bertan GBGEko kideei uzteko».
Ostiralean abiatuko dira Galdakaoko boluntarioen elkarteko bost kide Valentziako Paiporta herrira, bertako Udalarekin hitzarmena egin ostean. Hauxe azaldu diote elkartekoek BINKEri: «Paiportako Udalak ikastetxe bat utziko deusku, laster bertara joango garan boluntario guztiok ikastetxe horretan lo egin daigun; barikuan hara joango garan bost lagunok ikastetxea egokitu egingo dogu eta egunotan jasotako material guztia eroango dogu».
Materialaz ari garenean, GBGEkoek argi utzi nahi izan dute «Valentzian ez dabela janaririk eta arroparik behar». Are gehiago, Valentziatik elkarte galdakoztarrari nabarmendu diote kamioiak euren jatorrizko herrialdeetara bueltan bidaltzen ari direla, ez baitute lekurik ezta aparteko beharrizanik arropa eta janari kontuetan. Horregatik indar egin dute mezu horretan: «Mesedez, herritarrek —edota enpresek— garbiketarako, desinfekziorako eta pertsonen babeserako materiala soilik eman dezatela». Ez dute bestelako materialik jasoko.
Laguntza ekonomikoa:
- Kontuan sartzea: ES46 0182 2738 6802 0162 1936 (BBVA)
- Bizum: 05028 (Zero hondakinaren data)
Boluntario aurkeztea:
- Bidali datuak eta erabilgarritasuna helbide honetara: tesoreriagbge@gmail.com
Jasoko den materiala:
Palak, gomazko ontziak, xukaderak, eskularru medikoak, eskularruak eta maskara kirurgikoak.