Xabier Valenciak Galdakaoko etxe zaharren historiari buruzko liburua aurkeztuko du
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Baserriak eta etxeak aztertuz, Xabier Valencia historialari galdakoztarrak XVI. mendetik 1936 urtera arteko Galdakaoren historia bildu du liburu batean. Bihar aurkeztuko du Bengoetxeko nagusien egoitzan, 19:00etan.
Baserri eta etxeen geografia eta toponimia aztertuz, herrian izan diren aldaketak ezagutzera eman zituen Xabier Valencia historialari galdakoztarrak duela hiru urte ‘Galdakaoko etxeak, jabeak, bizilagunak… XVI. mendetik 1936 urtera’ lanean.
Pasa den hilabetean lan honetan agertzen zen informazio guztia eta datu eguneratuak liburu batean bildu dituela ezagutzera eman zuen, Binkek jaso zuen moduan. Bihar aurkeztuko du liburua, Bengoetxeko nagusien egoitzan 19:00etan.
Jugo, Aperribai, Bengoetxe, Urreta, Elexalde, Kurutze, Zamakoa, Zabalea, Plazakoetxe, Zuhatzu, Bekea, Eitzaga eta Basozabal auzoak batu ditu liburu honetan eta beste hainbat auzoetako elementuak jorratuko dituen bigarren bat argitaratuko du. «Dagoeneko idatzita dago eta denbora gutxi barru kaleratzea espero dugu», adierazi zuen historialariak.