Zer egingo du Espainiak, edo PSOEk, Usansoloren segregazioaren aurrean?
TESTUA: Jon Gomez Garai
Usansolo udalerri izateko onarpenaren biharamunean «erreportajea» deitu diogun —baina editorialeko zutabea izan zitekeen— artikulua argitaratu dugu, segregazioaren aurrean Espainiak zer egingo duen edo egin dezakeen argitzeko —edo gehiago nahasteko akaso, barkatu—. Horretarako, Espainiako Gobernuan gaur egun agintzen duen alderdi nagusiko ordezkari batzuen adierazpenak hartu ditugu.
Poza, zoriona, negar irribarretsuak, besarkadak eta aldarrikapena batu ziren atzo Gernikako batzarretxearen inguruan zein Usansoloko kaleetan zehar —eta zuzeneko «txioen» bitartez kontatu zuen Binkek Twitter-en—. Emozio positibo guzti horiek, noski, Usansolo Galdakaotik segregatzearen alde dauden herritarren eskutik etorri ziren. Eta ez da gutxiagorako, 35 urteko ibilbidearen ostean, Usansolok udalerri bilakatzea lortu zuelako atzo, 2022ko azaroak 23.
Bizkaiko Batzar Nagusiek Osoko Bilkuran onartu dute, gehiengo nagusiz, Usansolori udalerri izaera ofizialki aitortzea. Kontrakorik ere izan zen. PSE-EEko zortzi batzarkideek kontra bozkatu zuten, eta PPko biek abstentziora jo zuten. Gainontzeko guztiek —EAJko, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko 39 batzarkideek— Usansolo Galdakaotik segregatzearen alde bozkatu zuten, aurtengo martxoko galdeketako emaitzari babesa erakutsiz.
Bizkaiak, beraz, eman du baiezkoa. Eta hori zuen Usansolok azken 35 urteetan helburu. Baina bertara iristeko Galdakaoko Udalaren bermeak lo(r)tu behar zituen lehenago, eta legegintzaldi horretan horixe bera lortuta, Bizkaiaren babesa jasotzera iritsi da Usansolo. Horrela ba, Bizkaiko 113. udalerria izango da Usansolo, behin atzo erabakitakoa exekutatzen hasten direnean.
Baina, zer du orain Espainiak esateko?
Biztanle zenbakien dantzan dago afera, foru arauak auzo bat segregatzeko gutxieneko biztanleak 2.500 izan behar direla dioelako eta espainiar estatuko arauak berriz 5.000 biztanle eskatzen dituelako —Binkek maiz azaldu duen bezala—. Usansolok 4.520 biztanle ditu, aurkeztutako azken txostenaren arabera.
Horregatik, Espainiar Estatuko Abokatuak Bizkaiko Batzar Nagusiek hartutako erabakiari helegitea jarri diezaioke, espainiar estatuko araua foru arauaren gainetik dagoelakoan. «Dagoelakoan» diogu, ñabardura bat azaltzea komeni delako: teorian, Espainiako Konstituzioari dagozkio lurraldetasun erabakiak hartzea, baina Espainiako Gobernuak erkidegoen eta foru aldundien esku utzi zituen 1985. urtean erabaki hauek. Aldiz, 2013ko krisi ekonomiko betean, 27/2013 Legea sortu zuen Espainiako Gobernuak. Lege berri honek aipatutako Toki-araubidearen 7/1985 Legea erreformatu zuen, «espainiar estatuan eman litezkeen segregazio berrien gastuak saihesteko asmoz».
Legeak ere interpretatzeko daude —eta interpretatzen dira—, baina noski, ez da ausartegia pentsatzea Espainiako Abokatutzak estatuaren interesen alde egingo duena. Eta, kasu honetara etorrita, zeintzuk dira espainiar estatuaren interesak? Interesatzen al zaio Espainiako Gobernuari udalerri berri bat hutsetik sortzea?
Gaur gaurkoz, hedabide xume honek sikiera, ez du horren erantzun argirik aurkitu Espainiako Gobernutik modu ofizialean. Baina, atzo Bizkaiko Batzar Nagusiek hartutako erabakia behin Aldundiak aldizkari ofizialean argitaratuta —data jakiteke—, bi hilabete izango ditu Espainiako Gobernuak Bizkaiak hartutako erabakiari errekurtsoa jartzeko. Jarriko badio.
«Bihar ikusiko da zer dagoen berri, jakintsuenak ere ezin du igarri» dio Oskorriren kantu ezagunak. Aitzitik, Espainiako Gobernuaren agintean dagoen alderdi nagusienari bakarrik erreparatzen badiogu, hiru seinale eman dizkigu egunotan PSOE alderdiak.
Hiru datu esanguratsu
Batetik, esanguratsua suertatu daiteke atzo Bizkaiko Batzar Nagusietako PSE-EEko zortzi batzarkideak —tartean Galdakaoko PSE-EEren datozen udal-hauteskundeetako alkategaia— izatea Usansolo Galdakaotik segregatzearen aurka bozkatu zuten bakarrak. Zergatik? Zer dakite euren Madrileko alderdikideek aginduko dutenaz? Alderdi horretako batzarkide-bozeramaileak, Juan Oterminek, atzoko bozketaren ostean gogoratu egin zuen «espainiar estatuko legea Bizkaikoaren gainetik» dagoena. Baina horrekin esan gura izan zuen helegitea jarriko diotela, atzo Bizkaiko erakundeak gehiengo batez erabaki zuenari?
Bada, bestetik eta azken galderarekin lotuta, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak atzo bertan Radio Euskadiko adierazpen batzuetan esan zuena dago. Eneko Anduezak uste du, segregazio-adierazpenaren aurrean, «Estatuak legezkotasuna betetzen dela zaindu» behar duela, eta «zentzu horretan, horretarako ere bagaude». Hori dela eta, ohartarazi zuenez, «Estatuko abokatuek erabakiko dute Batzar Nagusien erabakiari errekurtsoa aurkeztu behar zaion ala ez». «Kasu honetan, arazoa argi dagoela uste dut eta horrela izango da», gaineratu zuen PSE-EEko idazkari nagusiak, gehiago zehaztu barik.
Baina amaitzeko, eta mahaigainean hirugarren datu bat ere jartzeko, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Denis Itxaso sozialistak esan zuen «exekutiboak ez duela eskopeta kargatuta ezta aurreiritzirik ere Usansoloren segregazioaren aurrean». Hori bai, «estatuko abokatuak Tokian Tokiko Erregimenaren Oinarrizko Legea zenbateraino urratzen duen aztertuko du», gaineratu zuen Itxasok EiTBk emandako datuen arabera.
Galderak beraz orain, hurrengoak izan beharko lirateke: Espainiako Gobernuak zenbaterako garrantzia emango dio Usansolok estatuaren legea ez betetzea, 400 biztanle pasatxoko diferentziagatik? Estatuko Abokatutzak ez badu errekurtsorik jarriko —berez egin dezaken bakarra da—, PSOEk berak salatuko du? Beste alderdiren batek, akaso? Baten batek Abokatutzan salatzekotan, zein interesekin?
Politikagintzan aurreikusi ezin daitezkeen erabaki eta norabide aldaketak etor daitezke. Baina pertsona bakoitzaren sentimendua zein izana ez du inongo erabaki politikorik aldatuko, ondotxo dakigu hori euskaldunok. Horregatik, Espainiak zirt edo zart egin, usansolotarra beti izango da usansolotar —berak gura duen neurrian eta gura duen arte, inori azalpenik eman gabe—; eta sentimendu hori errespetatzea baino ez zaio geratuko galdakoztarrari, bizkaitarrari zein munduko edozein bazterreko herritarrari be.