Victor Trimiño izango da PSE-EEko alkategaia datozen Galdakaoko udal hauteskundeetan
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: PSE-EE Bizkaia
Galdakaoko alkategai gazteena bilakatuko da Victor Trimiño sozialista, atzo iragarri baitzuen bere sareetan datorren udal hauteskundeetarako PSE-EEko alkategai izango dela. Bere ibilbideari errepaso arina egin diogu albiste honetan.
Victor Trimiño gazteak (Burgos, 1992) legegintzaldi bat darama Galdakaoko Udalean PSE-EE alderdiko bigarren zinegotzi izaten, Txema Larrazabalekin batera. Orain arte, Larrazabal izan da alderdi sozialistaren alkategai, baina atzo Trimiñok bere sareen bitartez adierazi zuen bezala, datozen maiatzeko udal hauteskundeetan bera izango da PSE-EEren izenean alkatetzako hautagai aurkeztuko dena.
Galdakaok izan duen alkategai gazteena izango da Trimiño, 29 urterekin. Baina horrek ez du esan nahi politikan esperientzia ez duenik: iazko irailaz geroztik, JSE-Egaz Euskadiko Gazte Sozialisten idazkari nagusia da —Bizkaian aurreko lau urteetan buru izan zena—; eta iazko ekainetik Bizkaiko Batzar Nagusietako kide ere izendatu zuten.
Víctor Trimiño Fisikan Graduatua da, eta Espazio Zientzia eta Teknologian masterra du. Azken urteotan, teknologiaren alorreko enpresetan aritu da lanean.