«Itsasoari so», Irune Soto
Irune Soto Aldalur
BINKE / 2017ko otsaila
Itsasoari so
Itsasoa ikustera hurbiltzen naizenean, beste edozein egoeratan burura etortzen ez zaizkidanak etortzen zaizkit.
Ez bakarrik itsasoak umezurtz utzitako haurren amak, emakume piratak, edota azal ezberdinetako pertsonen etsipenaz urperatutako paterak, ez. Atzoko olatuekin galdera deseroso bat etorri zitzaidan: ez ote den ulertzekoa bakardadeari beldur patologikoa izatea.
Mundu aldrebes honek ematen diguna merezi dugula sinetsita nagoenetik, maitatzearren kobratu egiten dutenak badirela jakitun naiz. Arima eta gorputz biluzien prostituziotik, maitasunaren prostituziora igaro gara, oraindik lehenengoaren kalteak neurtu gabe.
Honezkero, gure territorioak kolonia garestiekin markatzen ditugun honetan, sentimenduen merkatuaz hitz egiten hasi beharko genuke ohiko kontzeptu bat bailitzan.
Badakit bakardadea poz bilakatzen duenik badagoela eta nire alabaren maitasun infinituak preziorik ez duela, baina atzo, egin nezakeen zentzuzko gauza bakarra egin nuen. Olatuei bizkarra eman eta irribarre txiki eta goibel bat ateraz, inolako erantzunik eman gabe etxera itzuli.