Iritzia
Asier Ipiñazar Epalza
BINKE / 2026ko apirila
Apirilak 5, ez zan niretzat opor sasoiko egun bat izan. Egun horretako 20:30ean, 12 urteko alabari eta bere lagunari poltsa lapurtu eutsien Galdakaoko Plazakoetxe parkean. Jolasean zenbiltzan, beste barik, lasai egon beharko leukien leku baten. Lapurra ikusi eben eta, urrutitik bada be, argazki bat ateratzeko gai izan ziran.
Udaltzaingoaren egoitzan gengozan 20:45etarako, salaketa jartzeko asmoagaz. Egia esan, ez geunkan esperantza askorik, jakin badakigulako horrelako kasuek zoritxarrez gehienetan ez daukiela inongo ondoriorik.
Udaltzainen eskutik jasotako erantzunak, baina, oraindik zur eta lur naukala onartu behar dot.
Ulertu neike jai eguna zala, domeka, ezohiko orduetan… Baina, halanda be, jasotako erantzuna ulergaitza egiten jat. Hasiera-hasieratik prozesua hotz-hotza izan zan. Gutxieneko enpatia be ez eben erakutsi.
Ez eben neskatoak zelan egoazan galdetu be egin, ezta interesik erakutsi gertatutakoaz, eta ez eben lapurraren deskribapen oinarrizko bat jasotzeko imintziorik be egin. Argazkia ikusi eta ez ebala ezertarako balio esan euskun udaltzain batek.
Gainera, salaketak 21:00ak arte bakarrik jarri ahal dirala eta hurrengo egunean bueltatzeko eskatu euskun.
Beste barik. Traba egiten ariko bagina moduan sentiarazi euskun.
Hurrengo egunean bueltatu ginan, hobeto artatuko geunskuelakoan. Baina ez zan horrela izan. Antzeko jarrera jaso genduan: hotza, urruna, gogorik gabea. Azaldu genduan, lekuko bat be aurkitu genduala: aurreko gauean, udaltzain etxetik urten eta jarraian parkera bueltatu ginanean, gugana hurbildu zan emakume jatorra. Lapurreta ondoko tabernatik ikusi eban eta deklaratzera joateko prest egoan —eskerrik asko Maxi, zure gertutasun eta laguntzagaitik—.
Udaltzainek hasiera batean ez eben bere daturik be jaso nahi izan. Argazkiarena be barriz aipatu genduan. Nire insistentziagaitik udaltzainen helbide elektronikora bidaltzea lortu neban, baina beste behin ez ebala ezertarako balioko esan eskuen.
Egia esan, kosta egiten jat baieztapen hori onartzea. Argazkiak xehetasun garrantzitsuak daukaz eta lagungarria izan litekela uste dot, lapurra argi identifikatzeko ez bada be, gutxienez norbait baztertzeko. Eta lekuko bat egonda, oraindik eta garrantzia handiagoa daukala uste dot.
Egoera guztiz sinestezina egin jakun.
Eta euskararen erabilerari buruz, beste horrenbeste. Udaltzainetako batek be ez eukan gutxieneko elkarrizketa bat jarraitzeko maila nahikorik. Eta gehienakaz, nahiz eta euskaraz hasi, arin-arin pasarazi euskuen erderaz berba egitera.
Gertakari guztiak kontutan hartuta, ondorio bakarra etorri jat burura: udaltzaingoaren eta herritarren arteko distantzia izugarria da.
Badakit kasu guztiak ez dirala bardinak, udaltzain guztiak ezin doguzala saku berean sartu eta lan poliziala erreza ez dala be ulertzen dot.
Baina nik behintzat, herritarren zerbitzura egon beharko leukien pertsona horiengandik, beste jarrera bat espero dot. Gutxieneko inplikazio bat. Enpatia pixka bat. Entzuten zaituztela sentitu, informazioa jaso eta zerbait egingo dabenaren sentsazioa euki.
Galdakaon zerbait hobea merezi dogula uste dot. Udaltzaingo hurbilagoa, gizatiarragoa, euskaldunagoa eta bere lana ondo egiteko gogo handiagoagaz dagoana.




