Polemika futbolean: egia da Galdakao Futbol Taldeko aita batek Santutxuko jokalari bat jo izana?

Argazkia: Jon Gomez Garai, BINKEren artxibotik.

Zapatuan Galdakao eta Santutxu futbol taldeen arteko gazteen mailako partidak harrabotsa sortu du jendartean, Santutxuko jokalari baten amak jarritako salaketaren eta irrati batean martitzen goizean egindako adierazpenen harira. Baina, zer gertatu zen benetan? Erraza ez bada ere, alde guztietako ikuspuntuak batzen saiatu da BINKE ondoko albistean.

Santutxu Futbol Taldeko gazte kategoriako jokalari baten amak salaketa jarri du Ertzaintzan. Salaketa jarri duen guraso hau ustezko erasoaren unean tokian bertan ez bazegoen ere —hala onartu du amak berak zenbait komunikabidetan—, Galdakao Futbol Taldeko aita batek bere semea «erasotu izana» salatu du.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturrien arabera, gertakariak zapatu honetako —apirilak 11— 14:00ak aldera jazo ziren, Galdakaoko futbol-zelaian bi talde bizkaitarren arteko partida amaitu eta berehala.

Norgehiagokaren azken txistuaren ondoren gertatu omen zen, partidaren emaitzaren inguruan sortu ziren eztabaidak zirela eta tentsio-testuinguruan. Aldageletatik gertu bi taldeetako jokalariak elkartu ziren, eta bertan jarraitu zuen eztabaidak.

Eztabaida hauen ondorioetariko bat izan zen, Santutxuko gurasoaren arabera, aita batek jokalari bisitaria jo izana. Ama salatzaile honek BINKErekin berba egiteko proposamena jaso du, baina ez ditu galderak erantzun nahi izan.

Aldiz, Galdakao Futbol Taldeko presidentearekin bai hitz egin du BINKEk, eta ama honek salatzen duena «gezurra» dela azpimarratu du: «Talde bateko eta besteko jokalari bana eztabaidatzen zeuden —ez dakigu borrokan hasi ziren edo ez— eta gure klubeko aita batek bultzada bat baino ez zien eman biei, elkarrengandik aldentzeko asmoz».

Baina klub anfitrioiak gaitzetsi egin du aita galdakoztarrak inor jo izana, komunikabide honi Galdakao Futbol Taldeko ordezkari gorenenak azpimarratu bezala: «Are gehiago, ama horrek dioen modura jokatuko balu gure guraso batek, guk geuk salatu eta kaleratuko genuke klubetik».

Partidako epailearen akta

Radio Nervionek Santutxuko ama salatzailea elkarrizketatu du martitzen honetako goizean, eta BINKEk kazetari elkarrizketatzailearekin zuzenean hitz egiteko aukera izan du. Aipatutako irrati-kateak hedabide honi baieztatu egin dio zapatuko partidaren epailearen akta jaso izana, eta hala dioela epaileak berak idatzitako agirian, hitzez hitz:

«Partida amaitzean, aldagelan nengoen eta oihuak entzuten hasi nintzen. Nire aldagelatik irten ondoren, partidatik kanpoko pertsonak ikusi nituen kaleko arropaz jantzita eta bi taldeetako jokalariak. Une horretan, etxeko taldearen txamarra bat zeraman pertsona batek ukabilkada bat eman zion eskuin eskuarekin Santutxuko jokalari bati aurpegian. Jokalari horren aurreko ekintzarik ez nuela ikusi adierazi nahi dut. Pertsona hori banandu zuten eta jokalaria eta bere taldea aldagelan sartu ziren. Ondoren, pertsona horri bere ekintza aurpegiratu nion eta bertako klubeko ordezkariak pertsona hori identifikatu zidan. Etxeko taldearen ordezkariaren jarrera aparta izan zela adierazten dut».

Galdakao Futbol Taldeak ez du bat egiten ukabilkadaren bertsioarekin, eta BINKEri zehaztu egin dio iritzi horren zergatia: «Aldagelatik irten zenerako, epaileak ikusi zuen mugimendu bakarra aita galdakoztarra jokalariak banatzen izan zen, eta izan daiteke hori ulertu izana eraso bat bezala».

Galdakaoko presidenteak Santutxukoa deitu zuen azalpenak emateko, eta «behar dutenerako» galdakoztarrak hortxe egongo direla nabarmendu. Eskertu egin zuen talde bisitariak galdakoztarraren deia, eta lasai egoteko deia egin, «Santutxuk ezer egingo ez duela» erantzunez.

Dei horren harira ere, ama salatzailea komunikabideetan gezurra esaten ari dela dio etxeko klubak, Galdakaok Santutxu barkamena eskatzeko deitu zuelakoan. «Ez, nik Santutxuko presidentea azalpenak emateko baino ez nuen deitu, eta gure laguntza eskaintzeko, baina dei horregatik ez dugu esan nahi guraso batek jokalari bat erasotu izana», amaitu du Galdakao Futbol Taldeko presidenteak BINKErekin deia.

Hala ere, Ertzaintzak jasotako salaketak bide judizialean aurrera eginez gero, Galdakaoko klubak eta ustezko guraso erasotzaileak «epailearen aurrean azalpen guztiak emateko arazorik ez» dutela bermatu diote komunikabide honi.

Galdakao Futbol Taldearen adierazpena

Galdakaoko eta Santutxuko gazte kategoriako futbol taldeen arteko partidan inongo erasorik egon ez zela ziurtatzen badute ere klub anfitrioietik, Galdakaoko presidenteak bai aprobetxatu du BINKErekin izandako solasaldia «azken aldian oinarrizko fubolean areagotzen ari den jarrera negatiboa; bereziki gurasoen aldetik».

Horregatik, eta zapatuko gertakariaren ondorio, Galdakao Futbol Taldeak adierazpen bat argitaratu du bere sare sozialen bitartez, honako izenburu honekin: «CD Galdakaok berresten du errespetuaren eta bizikidetzaren aldeko konpromiso sendoa futbolean».

Adierazpen horretan, besteak beste, hiru lerro nagusi batu ditu kirol elkarteak:

  • Indarkeriaren aurrean tolerantzia zero
  • Aurkariei, epaileei eta taldekideei errespetua
  • Gure harrobiaren ingurune hezitzailea babestea

Galdakao Futbol Taldearen adierazpen osoa irakur dezakezu BINKE.EUS atarian.

situs togel

situs toto