Areto Dantza Elkartea, mende laurdena dantza eta barre artean

Argazkiak: Areto Dantza Taldea.

«Herritik eta herriarentzat» sortu zen Areto Dantza Elkarte galdakoztarrak 25 urte bete ditu aurten. Dantza eta batez ere dibertsioa eskaintzen duen taldeko zenbait kiderekin hitz egin dugu, elkatearen jatorria eta gaur egungo egoera ezagutzeko.

Herri aberatsa da Galdakao zentzu askotan, tartean aisialdiaz gozatzeko eskaintzen dituen hamaika ekintzei esker. Torrezabal Kultur Etxean jaio dira horietako hainbat, eta hori izan zen aurten 25 urte bete dituen Areto Dantza Elkartearen kasua.

Garai horretan Udalak dantzan murgiltzeko aukera eskaitzen zuen hain zuzen Torrezabalen, eta urtero herrikide kopuru batek parte hartzen zuen jarduera horretan. «Oso gustora geunden, baina ezin genuen hurrengo urtean errepikatu beste pertsona batzuei eskaini behar zitzaielako aukera», azaldu dio BINKEri Mari Carmen Gagok, taldeko sortzaileetako batek eta urte luzetan zehar elkarteko presidenteordea izandakoak. 

Horregatik, dantzan jarraitzeko helburuz, saioak haien kabuz antolatzen hasi ziren, gela alokatuz eta irakasleari ordainduz. «Momentu bat heldu zen zeinetan Udaletik bertatik gomendatu ziguten elkartea sortzea, errazagoa izango zelako horrela dirulaguntza eta lokala eskatzea. Eta horrela sortu zen Areto Dantza Elkartea», adierazi du Gagok, taldera batzeko deia herritarren artean «oso azkar» zabaldu zela nabarmenduz. 

Garapena. Gero eta galdakoztar gehiago hasi ziren elkartera batzen, eta Urko Azkona izan zen prozesu horretan murgilduta egon zen lagunetako bat. «Nire lagun bat zebilen irakasle lanetan Torrezabaleko saioetan, eta ni noizbehinka joaten nintzen laguntzera eta berak ezin zuenean saioa eskaintzera. Harreman oso estua nuen ikasleekin eta Areto sortzean proiektuaren baitan sartu nintzen», adierazi du Azkonak, gaur egun irakasle lanetan dabilenak.

Kideen inplikazioa. 50 pertsona inguru hasi ziren taldean, eta gaur egun 300 lagun baino gehiagok osatzen dute Areto Dantza Elkartea. «Ateak zabalik ditugu beti, edonor etorri daiteke gurekin dantzatzen ikastera», nabarmendu du Isabel Lejarza gaur egungo juntakideak —eta duela 20 inguru taldeko kide denak—.

Gaur egun Tximelarregoikoan du egoitza elkarteak, eta han eskaintzen dituzte saioak. «Hiru kategoriatan banatu ditzakegu areto dantzak: estandarrak, latinoak eta karibearrak. Hemen denetarik frogatzeko aukera dugu, eta sevillanak ere eskaintzen ditugu, adibidez», adierazi du Alazne Sanchez kideak, saioetan parte hartzen hasteko maila probarik ez dagoela azpimarratuz. «Hau ez da akademia bat, herritik eta herriarentzat sortutako taldea baizik, eta horregatik kideek ordaintzen duten kuota nahiko txikia da, dantza denontzako izatea nahi dugulako», dio Lejarzak, elkarte bat izateak suposatzen duena nabarmenduz: «Irakasleek noski kobratzen dute, baina juntako sei kideok eta egunero elkartea aurrera eramateko lan egiten duen jendeak debalde egiten du».

Hain zuzen, kideen inplikazioa da 25. urteurrena betetzea ahalbidetu duena. «Urtean zehar hainbat dantza erakusketa eta ekintza antolatzen ditugu, eta guztia kideek egiten dute. Bakoitzak bere aletxoa jartzen du eta hori da politena. Jantziak adibidez bi edo hiru kideren artean egiten dituzte, artistak dira. Hemen txikienetatik nagusienetara inplikatuta daude», azaldu du Sanchezek emozioz.

Familia bat. Familia bat dira, eta dantza abiapuntua izan arren, gozatzea da garrantzitsuena familia horretan. «Askorentzat dantza terapia da. Kanpoan dagoen guztia ahaztu eta gozatzeko unea aurkitzen dugu hemen. Bizitzako une latzenetan, musika piztu eta erritmoa jarraitzea baino besterik ez dago», diote hiru kideek, dantza belaunaldiz-belaunaldi transmititzen den pasioa dela nabarmenduz. «Kasu askotan anai-arrebak, bikoteak eta familia osoak aurkitu ditzakegu hemen. Ordu asko ematen ditugu batera, eta badakigu esaten dena…», dio Sanchezek barrezka.

Dantza emakumeei lotutako diziplina izan da askotan, eta Areto Dantza Elkartean gehienak neskak diren arren, tendentzia aldatzen ari dela somatzen dute taldean. «Hori bai, mutil gehiago etortzea gustatuko litzaiguke», aitortu dute. Horretarako, garrantzitsua da erreferenteak izatea eta Aretoren kasuan, maila altuetan dantza egiten duten dantzariak atera dira elkartearen lokaletik, esaterako Estefania eta Borja Martinez anai-arrebak, — BINKEren azal bateko lehenengo dantzari profesionalak. 

«Beraz, ikusi daitekenez, dantza, dantza eta dantza eskaintzen duen taldea da hau, baina batez ere dibertsioa eta errespetua oinarritzat hartzen dituenak. Galdakoztarrak animatzen ditugu gurera etorri eta elkartea ezagutzera, eta noski, dantzan murgiltzera! Ez da egia euskaldunok harrizko aldakak ditugunik!». •

situs togel

situs toto