Aitor eta Markel galdakoztarrak «Vascos por el mundo» saioko protagonistak
Telebista
BINKE / 2022ko apirila
Aitor eta Markel galdakoztarrak «Vascos por el mundo» saioko protagonistak
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Vascos por el mundo, EITB
Munduko bazter desberdinetako euskal herritarrak ezagutarazten dituen ETB-2ko «Vascos por el mundo» saioaren azken emanaldia Martinika irlan grabatu zuten. Saio honen lehenengo protagonistak Binkek 2020ko azaroan elkarrizketatu zituen Markel Ealo eta Aitor Llamazares galdakoztarrak izan ziren.
Euskal Telebistaren bigarren kateko «Vascos por el mundo» saioak munduan zehar bizi diren euskal herritarrak ditu protagonista. Astero nazioarteko herrialde bat bisitatzen dute, eta domeka gauetan eskaintzen dute saioa. Bada, azken saioko protagonistak izan dira Binkek 2020ko azaroan Enbaxadoreak atalean elkarrizketatu zituen Aitor Llamazares eta Markel Ealo.
Hedabide honek Llamazares eta Ealo galdakoztarrak 2020ko azaroan elkarrekin elkarrizketatu zituenean Frantzia aldean zeuden, Cosne Cours sur Loire herritxoan. Fisioterapia ikasketak egin berri, berreziketa funtzionaleko zentro batean ari ziren han lanean. Orain aldiz Antillatan, Karibe itsasoan dagoen —baina frantziar estatuaren parte den eta, beraz, Europar Batasunaren barruan dagoen— Martinika irlan daude bi lagunak, eta hantxe harrapatu ditu ETB-2ko «Vascos por el mundo» telebista-saioak.
Zortzi hilabete daramatza lagun bikoteak Martinikan. Txikitatik ezagutzen dute elkar: elkarrekin ikasi zuten eskolan, kuadrila berekoak dira eta elkarrekin egin dituzte euren bizitzako bidaiarik inportanteenak ere. Han, Martinikan, fisioterapeuta lanetan ari dira bertako ospitale publiko batean, eta kameren aurrean aitortu zuen Aitor Llamazaresek: «Hemen lan asko eta baldintza onak dagoz».
Aipamen horren ondoren, hegazkintxo batera irla airetik ikustera gonbidatu zituen Aitorrek ETBko erreportaria eta kameralaria. Ostean, itsasoan igeri egin eta aspaldi hondoratutako itsasontzi bat bisitatu zuten. Itsasotik irtetean Markel Ealo laguna izan zuten hondartzan zain, eta honekin irlako hainbat herri eta hondar historiko bisitatu zituzten. Sumendiak eragindako bistako kalteak erakutsi zizkieten saioaren ikusleei.
Martinika Frantziako estatuaren parte dela azaldu bazuten ere, «bertakoei galdetu ezkero akaso ez dabe bardina esango» gaineratu zuten. Gainera, frantsesaz gain kreolera hizkuntza ere badutena kontatu zuten 25 urteko herrikideek, eta eurek ere saiatzen direla euren hizkuntzara gerturatzen: «Gure pazienteakaz saiatzen gara dakiguna erabiltzen; ikasten ari gara».
Galdakoztarrak, lagunak, familia, pintxoak… faltan dituzte Ealok eta Llamazaresek, ez ordea Euskal Herriko eguraldia, «hemen —Martinikan— beti dalako uda». Han beste jai eredu bat aurkitu dute baina: inauteria. Horrela ba, eurek ere alkandora koloretsuz jantzi eta bertako karnabaletan murgildu zituzten ikusleak, eta euren lagun bat aurkeztu ostean hango batukada-talde baten festara gehitu.
Telebista-saioaren erreportariak Euskadira itzultzeaz galdetu zienean, Llamazaresek ez zuen asmo argirik erakutsi, bai ordea Ealok: «Ni Euskadira itzuliko naz Galdakaora Metroa iristen danean».
Eurek hobeto ezagutzeko aukera duzu 2020ko azaroan Enbaxadoreak atalean bi lagunei egindako elkarrizketan.