Arrain handiak txikia jaten duenean
Saltoki txikien lehia
BINKE / 2019ko urtarrila
Arrain handiak txikia jaten duenean
TESTUA: Ixone Muñiz Arana
Aspaldi ez dela berri gizarte kontsumista eta lehiakor batean bizi garela: zenbat eta gehiago izan, hobe, eta daukagun hori zenbat eta errazago lortu, askoz hobeto. Hori da saltzen digutena, eta hori guk, itsuki, erosten duguna. Nahiz eta kontsumitzaileok kate arriskutsu honetan asko dugun galtzeko, merkatuko sektore babesgabetuenetako bat izaten da kaltetuen irteten dena; komertzio txikia, alegia.
Urteek aurrera egin ahala, gure ohiturak aldatuz doaz, eta gizarteak egotzitako kanonetara moldatzen gara, dela garai berrietara egokitzeko nahiagatik, dela aldaketa horiek dakarkiguten erosotasungatik. Aldakuntza nabarmen horietako bat da, esaterako, azken urteetan saltokietan kontsumitzeko hartu dugun —edo neurri batean bederen, «ezarri» diguten— eredua. Gizarte geroz eta lehiakorragoa sortzearekin batera etorri dira multinazionalek handitzen jarraitzeko duten gosea, eta hori lortzeko bidean, bezeroak erakartzeko martxan jartzen dituzten estrategia komertzialak.
Begi-bistakoa da horrelako enpresa handiek erabiltzen dituzten estrategiei etekina ateratzen dietela, hauen hedapenak eta hazkuntzak agerian uzten baitu —beste batzuen kaltetan— gizartean handitzen jarraitzen duen izaera kontsumista. Aise lortzen dute, ordea, gizarteak geroz eta gehiago erostea, kasu askotan, konturatu gabe jausten baikara itxuraz erakargarriak diren arren, berariaz bezeroa harrapatzeko sortutako «amarruetan». Horrez gain, azken urteetan komertzioetako beherapenak arautzen dituen legean egondako aldaketek batetik, eta munduko beste toki batzuetatik heltzen diren merkealdietako kanpaina berezi eta arrakastatsuek —«Black Friday» delako kanpaina ezagunak, kasu— bestetik, kontsumismo hori areagotzea baino ez dute ekarri.
Aldaketa guzti horiek, ordea, eztabaida eta desadostasun handiak sortu dituzte azken urteotan komertzio txikietako ugazaba direnen artean. Izan ere, esan beharrik ez da, baldintza horien pean saltoki txikiek ez dutela zereginik enpresa handi eta multinazionalen alboan. Ez dute horrenbesteko baliabiderik. Gainera, ezin da ahaztu teknologian egondako aurrerapenei esker, Internetik erosteko aukera eskuragarri dagoela egun, eta horrek ere, lehiakortasuna handiagotzen duela. Egoera honen aurrean, agerikoa da denda txikietako jabeen kezka eta ardura, besteekin maila berean lehiatu ezinik, beherantz nabarmen egiten jarraitzen baitute euren salmentek. Beste behin ere, arrain handiak txikia jan du.
Legearekin ika-mikan. Azken urteetan erosteko ereduan aldaketak egon direla ezin da ukatu, ezta aldaketa horiek bistako eraginak ekarri dituztenik ere. Orain urte batzuk, ohikoa izaten zen urtean pare bat sasoitan pertsonez osatutako izugarrizko ilara luzeak ikustea saltoki barru eta kanpoetan, lasai batzuk edo urduritasun puntu batekin besteak, baina denak helburu batekin: produktuak ahalik eta merkeen erosi. Normalean, urteko garai horiek heldu arte itxaroten genuen, erosi beharrekoa merkeagoa lortuko genuelakoan. Beherapenak ziren: merkealdi zoro tentagarri horiek!
Gaur egun, sasoi bateko antzeko aglomerazioak eta ilara luzeak ere sortzen dira saltoki askotan urteko garai zehatz batzuetan —Gabonetan edo merkealdi bereziak daudenetan, adibidez—. Baina duela urte batzuk hainbesteko arrakasta zuten eta urtean birritan egoten ziren beherapenei ez zaie lehengo «irrika» berarekin itxaroten, «erakargarritasuna» galdu dute nonbait. Zergatik? Non dago gakoa? «Ilusio» galtze hori 2012an ezarritako beherapenak arautzen zituen lege berriari zor zaiola esan daiteke. Izan ere, lege horrek dioenez, beherapenak urteko edozein momentutan eta merkatariaren irizpideen arabera jar daitezke. Beraz, orain ohikoa da urteko bi data esanguratsu horietaz aparte, merkealdiak urteko edozein garaitan ere aurkitzea.
Lege aldaketa honek halabeharrez ekarri zuen eztabaida eta iritzi banaketa komertzio txiki eta handien artean, eta egun, tirabira horrek gogor jarraitzen du oraindik. Saltoki txikiek gobernuari «betiko beherapenak» —hau da, data konkretu batzuetan eta behin Erregeen eguna pasata— bueltatzea eskatzen dioten bitartean, komertzio handiek uko egiten diote horri. Azken hauek argudiatzen dutenez, beherapenak nahi den datetan jartzeko aukera izateak online egiten diren salmentekin lehiatzea ahalbidetzen baitie.
Egunik «beltzena». Komertzio txikien gehiengoak aitortzen du beherapenak kudeatzeko askatasuna ematen duen lege aldaketa ezarri zenetik galerak baino ez dituztela izan. Halere, merkatuko sektore txiki horrek salerosketa eredu berriari ez ezik, beste «fenomeno» bati ere egozten dizkio jasaten ari diren kalteak: gizartea aztoratu eta urte amaierako erosketen panorama hankaz gora jarri duen «Black Friday» delako kanpaina. Gutxi izango dira egun honen —honezkero aste ere bihurtu dena saltoki askotan— berri ez dutenak, bertan ezarri zenetik urteko garai komertzial garrantzitsuena bihurtu baita. Eta saltoki txikiek ere ezin izan diote horri ihes egin.
Estatu Batuetan du jatorri «ostiral beltzak», baina sei bat urte pasa dira Europara ere indartsu sartu eta hedatzen hasi zenetik. Estatubatuarrentzat jai-eguna den eta azaro amaierako ostegun batean ospatzen duten «Esker-emate eguna»-ren ostean izaten da «Black Friday» famatua. Hirurogeigarren hamarkadan sortu omen zen, eta ustez, aipatutako jaiegun horren ostean sortzen eta biltzen zen trafiko eta jende andana deskribatzeko erabiltzen zen kontzeptu hori.
Denboraren poderioz, eta merkealdi kanpainarekin estuki lotuta, beste esangura bat ere eman zaio «ostiral beltza» delakoari. Izan ere, beherapenen sasoi horretan, eta sortutako superabitari esker, saltokietako kontu korronteak kolore gorriz egotetik kolore beltzez egotera pasatzen direlako ere erabiltzen omen da terminoa.
Jatorriz Estatu Batuetako kanpaina bat den arren, egun guztiz errotu da gurean ere, komertzioetako arauak eta erosleen kontsumo ohiturak ia goitik behera aldatuz. Orain Gabonetara begira egiten diren erosketak, lehen ez bezala, azaroan hasten dira, «Black Friday»-ari hasiera ematen zaion une berean. Aurreko urteetako datuek adierazten dutenez, azken hiru urteetan azaroan Internet bidez egindako erosketa kopuruak, esate baterako, alde dezentez gainditzen ditu abenduan egindakoak. Beherapen kanpaina hori aprobetxatuz, beraz, garai horretan egiten dira erosketa gehienak, azaroko salmentek nabarmen eginez gora.
Baina nahiz eta saltoki batzuentzat «ostiral beltzak» esanahi baikorra izan —salmenten aldetik urteko garairik oparoena delako—, beste batzuentzat urteko sasoirik beltzena bihurtzen da kanpainak irauten duen tartea. Berriz ere, komertzio txikienez ari gara, horrelako eskaintza tentagarriekin lehiatu ezin diren horiez. Eta ez da gutxiagorako ere, ebidentziek argi uzten baitute: 2017ko datuekin alderatuz, azaroan komertzio handietako salmentek %2 egin dute gora azken urtean; saltoki txikietako salketak, aldiz, %0,3 jaitsi dira. Hori da azken urteotako lege aldaketa eta inportatutako ohituren eraginez gelditzen zaigun irudia. Gutxiengo baztertu batentzat behintzat, beltzetan beltzena. •