Adinekoei zuzendutako lau ekintza antolatuko ditu Galdakaoko Udalak maiatzera bitarte
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Orpea
Adinekoei zuzendutako hainbat ekintza antolatzen ditu Galdakaoko Udalak urtean zehar eta aurten ere lau eskainiko ditu maiatzera bitarte. Zehazki, industria ondarea ezagutzeko txangoa, Urduñan zehar ibilaldia, erlajazio tailerra eta Extremadurara bidaia antolatuko ditu.
Adineko pertsonak aktibo eta osasuntsu mantentzeko helburuz, Galdakaoko Udalak hauei zuzendutako ekintzak eskaintzen jarraituko du aurten. Maiatzera bitarte lau antolatuko ditu, zaletasun ezberdinetako pertsonei zuzenduak.
Hilaren 18an Orconera Lutxana Bilduma ezagutzeko txangoan parte hartzeko aukera izango dute adinekoek. Gaztelaniaz 10:30ean eskainiko da ibilbidea eta euskaraz aldiz 11:30ean. Ekintza honeterako izena ematea beharrezkoa da eta Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuan egin daiteke honezkero. Gehienez 20 pertsona joan ahal izango dira.
Urtarrilaren 25ean aldiz Urduñatik Beratzarako ibilaldia egingo dute, zehazki, 13 kilometroko ibilbidea Beratzako San Pedro eta bertako ikuspegi zoragarriez gozatzeko. Izena ematea beharrezkoa da honetan ere eta Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuan egin daiteke hilaren 17tik aurrera. Gehienez 30 pertsona joan ahal izango dira Urduñara.
Tailerren txanda izanda hurrengo hilabeteetan. Otsailaren 1etik martxoaren 21era erlajazio saioak eskainiko ditu Udalak eguenetan, «argiago eta modu sortzaileagoan pentsatzeko aukera emango dutenak». Tailerra 11:00etatik 12:30era eskainiko da eta Izen ematea Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuan egin daiteke honezkero.
Azkenik, berrikuntza moduan, Extremadura inguruan 6 egun eta 5 gaueko zirkuitu bat autobusean egiteko eskaintza egingo du Udalak maitazaren 26tik 31ra. Besteak beste, Plasencia, Zafra, Jerez de los Caballeros, Badajoz, Caceres, Merida eta Olivenza bisitatzeko aukera izango dute parte hartzaileek.
Bidai honetako prezioa pertsonako 480 eurokoa izango da, pentsio osoa barne. Izen emateak Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuan egin ahalko dira otsailaren 2tik aurrera.