Ainhoa Agirregoikoa (EAJ): «Galdakao moderno, anitz eta plural baten alde lan egiteko prest gaude»
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Binke
Maiatzaren 28an antolatuko dira foru- eta udal-hauteskundeak Hego Euskal Herrian. Galdakaon bederatzi alderdi aurkeztuko dira eta kanpainan murgilduta daude honezkero, herritarrei haien programa azaltzeko ekitaldiak antolatzen. Alderdi bakoitzaren zerrendaburua hobeto ezagutzeko helburuz, galdera batzuk labur erantzuteko gonbitea egin die Binkek alkategai guztiei. Oraingoan Ainhoa Agirregoikoa EAJ-PNVren alkategaiaren txanda izan da.
Zein balorazio egiten duzu azken legegintzaldiaz? Lau urte hauek aurreko legegintzaldian EAJ-PNVk aurreikusten zituen Galdakaorako eta auzoetarako hain beharrezkoak diren proiektuei jarraipena emateko balio izan dute. Hala ere auzoen hobekuntza, mantentze eta kohesioaren aldeko apustu irmorik hartu ez den lau urte, paralisi egoera batera kondenatuz. Aparkalekuen arazoak okerrera egin du eta ez da aurrerapausorik eman bizi-kalitatea hobetzeko zerbitzu berrietan.
Zeintzuk izango dira zuen ildoak datozen urteetarako? Pertsonak, gure bizi-kalitatea hobetzen duten zerbitzuetan benetako hobekuntzarekin eta auzo-kontseilu espezifiko bat sortuz.
Zergatik aurkeztu zara alkate izateko? Gu ez gara aurkezten, EAJ-PNVren afiliazioak prozesu demokratiko baten barruan aukeratzen gaitu.
Zergatik eman behar dizute botoa herritarrek? Galdakao geldiunetik atera eta martxan jarri genuen. Ezin gara atzera itzuli. Denon artean, hasitako bideari jarraipena eman behar diogu.