Metroa Galdakaora iristeko «atzerapausorik ez» dela emango ziurtatu du Loly de Juanek
Garraioa
BINKE / 2022ko ekaina
Metroa Galdakaora iristeko «atzerapausorik ez» dela emango ziurtatu du Loly de Juanek
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Eusko Jaurlaritzaren Garraio Azpiegituren zuzendari Loly de Juan Galdakaon izan zen eguen honetan, herriko PSE-EE alderdiak Metroaren egungo egoeraz aritzeko gonbidatuta. Metroa Galdakaora iristea «errealitate bat» dela ziurtatu zuen, baina Usansoloren inguruan zer egin erabaki gabe dutela onartu. Hauxe da hitzaldiaren kronika.
Ekainaren 23an, eguena, Galdakaoko PSE-EEk hitzaldia antolatu zuen bere egoitzan eta 25 pertsona inguru gerturatu ziren Loly de Juan Eusko Jaurlaritzaren Garraio Azpiegituren zuzendaria Metroaren inguruan solasean entzuteko.
Galdakaoko Udalean PSE-EEko zinegotzi den Txema Larrazabalek hasi zuen hitzaldia eta aurkeztu zuen hizlaria. Larrazablek Metroa Basauriko Sarratutik Galdakaora iristeko proiektua Patxi Lopez lehendakariak hasi zuela gogorarazi du, eta ostean proiektua alboratu bazen ere, Iñaki Arriola sailburuak ekin ziola berriz egungo proiektuari. «Biak, bai lehendakari ohia zein sailburua, sozialistak» nabarmendu zuen Larrazabalek, eta gaineratu: «Horregatik zorionekoak gara Galdakaorentzat proiektu handi honi geuk ekin ahal izateko».
Aurretik Larrazabalek esandakoa berretsi egin zuen Loly de Juan zuzendariak, eta berak esandakoari gehitu: «Gure eskualdean Metroak aita asko izan ditzake, baina ama bakarra: alderdi sozialista». Hitzaldia Metroaren ibilbidearen historia azaltzen hasi zuen De Juanek, eta horri ordu laurden eskaini ostean egungo egoeraren berri eman zuen.
«Hau errealitate bat da dagoeneko, eta ez dago atzera pausorik», esan zuen Loly de Juanek, «eta makinak dagoeneko lurrean lanean ikusiko dituzue urte honen azken hiruhilekoan». Aurretik, «uda honetan bertan» lanak lizitatu egingo direla ziurtatu zuen. Hala, Metroa Galdakaora 2027. urtean iritsiko dela azpimarratu zuen. «Baina bitxia da ikustea nola beste batzuek hartzen duten euren proiektutzat hau… posible izango bada gugatik, PSE-EE alderdiagatik, izango denean», adierazi zuen Jaurlaritzako zuzendari sozialistak.
Lehenengo faserako «tramitazioa eta sinadura» baino ez dela falta esan zuen, baina hori Sarratutik Usansoloko ospitalera egingo dela baieztatu zuen, «bigarrena berriz, ospitaletik Durangoko konexioarekin lotuko lukeena izango litzateke».
Lehenengo fasea, Galdakaori eta Usansolori dagokiena, tarte desberdinetan egingo dela argitu zuen: lehenengo tramoa Sarratu-Aperribai izango da eta geraleku bi izango ditu, Sarratu (Basauri) eta Aperribai. Sarratuko geralekua —Galdakaoko guztiak bezala— lurrazpian egongo dela eta San Inaziokoaren antzekoa izango dela azaldu zuen hizlariak, itxuraz eta erabiltzeko moduaz. «Galdakoztarrek Sarratu arte egin beharko duzue bidea eta bertan aldaketa egin Plentziara arte joan ahal izateko», esan zien bertaratutakoei. Aperribaiko geralekua auzoaren behekaldean joango da, eta «gero igogailu bat jarriko da auzoaren goiko aldera igotzeko, baina hori Galdakaoko Udalaren esku dago», esan zuen.
Bigarren tramoa Aperribai-Galdakao izango da, Agirre Lehendakariaren plazan izango duena gune nagusi. Hala azaldu zuen Eusko Jaurlaritzako zuzendariak: «Sarrera bat plazan bertan izango du eta bestea Juan Bautista Uriarte kalean; baina gainera, igogailu bat ere izango du Euskadi kalean —Torrezabal Kultur Etxearen atzeko aldean—». Baina horren aurretik, Bengoetxen ere izango du irteeretako bat, «Coca-Colaren altueran herrigunerantza bideratuta», gehitu zuen Txema Larrazabalek, «egungo Ostalaritza Eskolatik gertu».
Galdakaoren herrigunetik ospitalera joango da Metroa, «baina ospitaleko geralekuak oraindik zehaztu barik» daudela esan zuen Loly de Juanek, eta Binkeren galderari erantzunez gaineratu: «Oraindik ez dakigu geralekua ere izango duen Usansolok, agian irteeraren bat baino ez duelako izango».
Hauek dira lanen zati bakoitza egiteko erakundeek bideratu dituzten aurrekontuak eta epeak:
- Sarratu-Aperribai
88 milioi euro pasatxo eta 48 hilabete - Aperribai-Galdakao
91 milioi euro pasatxo eta 46 hilabete - Galdakao-Ospitalea
57 milioi euro pasatxo eta 46 hilabete
«Proiektu honek aukera emango die galdakoztarrei kanpora irten eta etxera modu erosoan bueltatzeko, baina ez hori bakarrik: aukera emango die kanpokoei Galdakao hobeto ezagutzeko» esanez amaitu zuen hitzaldia Eusko Jaurlaritzaren Garraio Azpiegituren zuzendariak.
Hitzaldia PSE-EEk Galdakaon duen egoitzan izan zen. Bertara 25 pertsona gerturatu ziren, militanteekin batera Galdakaoko beste alderdi batzuetako kideak, komunikabideak eta auzo elkarteak ere bazirela. Guzti horien galderak erantzun zituzten Larrazabalek eta De Juanek aurkezpenaren amaieran.
Auzokide batek Europako Next Generation funtsen inguruan galdetu zuen, eta De Juanek guztia «baliabide propioekin» egingo dela erantzun, baina onartu «hasierako ideia hori zela, Next funtsak erabili ahal izatea, eta agian hori izan zen gu berriro martxan jartzeko aitzakia». Bizkaiko Foru Aldundiak 180 milioi jarriko ditu eta Eusko Jaurlaritzak beste horrenbeste. Kopuru horretatik kanpo, Eusko Trenen aldetik 40 milioi gehiago inbertituko direla azaldu zion prentsari Jaurlaritzako zuzendariak, «linea hau sortzen denean sortuko diren bestelako gastuak ordaintzeko, bagoi berriak, esaterako».
Adineko herritar batek Metroaren etorrerak «komertzioari egin diezaioken kalteaz» galdetu zion hizlari nagusiari, eta De Juanek «Metroa aukera baten pare» ikusi behar dugula erantzun, «eta ez kalte baten pare, jende asko Bilbora erosten joan ahal izango delako, baina baita alderantziz ere». Eta gehiago esan: «Kultur ekimenetara ere, zergatik ez, Galdakaora etorriko da jendea».
Ekitaldiaren amaieran, hitzaldiaren antolatzaileetariko bat izan zen Victor Trimiño Galdakaoko zinegotzi sozialistak esku hartu behar izan zuen jendartetik, Miguel Ángel Martin atxiki gabeko zinegotziak —Auzoak plataformako zinegotzi ohiak— bere alderdi ohiaren aurka egin zuenean bere lekuan altxatuta. Martinek Auzoak plataformaren aurka egin zuen, talde horrek «hitzemandakoa ez betetzeagatik» eta Metroaren alde egitea «ahazteagatik».
Gainera, atxiki gabeko zinegotziak hizlari gonbidatuari ere leporatu egin zion «Metro Bilbaoren proiektua alboratu izana Aldundiak eta Jaurlaritzak». Hitzaldiko protagonistak, bere aldetik, «2005ean legeak hala behartu» zuela gogoratu du, eta horregatik bosgarren linea hau Eusko Trenek kudeatuko duela azpimarratu.