Garraioa
BINKE / 2022ko otsaila

Metroa Galdakaora 2027an iritsiko dela iragarri dute Jaurlaritzak eta Aldundiak

TESTUA: Xabi Ealo Diaz
ARGAZKIAK: Eusko Jaurlaritza

Europako funtsei itxaron gabe, lanak urrian hasiko dituztela eta Metroa Galdakaora 2027rako eta ospitalera 2029rako iritsiko dela iragarri dute prentsaurreko bateratuan gaur Iñigo Urkullu lehendakariak, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Iñaki Arriola Garraio sailburuak. Eskertuta agertu da Iñigo Hernando alkatea.

Bilboko Metroa 2027an iritsiko dela iragarri du gaur Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak. Horretarako obrak aurtengo urrian hastea aurreikusten dutela adierazi dute. Lehendakaritzan egin duten prentsaurrekoan, Iñigo Urkullu lehendakariak, Iñaki Arriola garraio sailburuak eta Unai Rementeria ahaldunak Metroa Galdakaora iristeko konpromisoa hartu dute.

«Gaur jartzen da abian Metroa eta 2027rako egongo da erabilgarri, eta handik bi urtera ospitalera iritsiko da», nabarmendu du ahaldun nagusiak; «linea berria hau pertsonen bizi-kalitatea hobetzen jarraituko du, bereziki Galdakaon, Busturialdean eta Durangaldean», gaineratu du. Izan ere, Durangaldetik eta Busturialdetik datozen lineekin lotunea egingo da Usansolon. Urkullu lehendakariak nabarmendu duenez, «Osakidetzaren Galdakaoko ospitalerako irisgarritasuna hobetuko du».

Obrak hasi aurretik, Aldundiak eta Jaurlaritzak hitzarmena sinatuko beharko dute, eta Rementeriak adierazi duenez, «maiatzean sinatzea aurreikusten da». Horren ostean, ibilbidearen lehenengo bi zatiak —Sarratu-Aperribai eta Aperribai-Galdakao erdigunea— lizitatu eta obrak esleitu behar direla esan dute.

Bi erakundeek aurrekontuaren %50 jartzeko konpromisoa hartu dute —bakoitzak 180 milioi euro inguru—. Bi administrazioek erabaki dute Europar Batasuneko diru-funtsen zain ez egotea eta euren kaudimena baliatuz eramango dituzte lanak aurrera.

Agintarien iragarpenaren ostean Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea eskertuta agertu da, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak «galdakoztarren nahia» bideratu dutelako.