Mikel Sánchez galdakoztarrak ‘Musika Km0’ lehiaketako hirugarren saria irabazi du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Grupo Noticias
Euskal artistak ezagutzera emateko helburuz, ‘Musika Km0’ lehiaketa antolatu du Grupo Noticiasek 18/70 garagardoaren laguntzarekin. Amaia Santamaría izan da garailea, Mía Kalo bigarrena eta Mikel Sánchez galdakoztarrak irabazi du hirugarren saria.
Artista berriei haien musika publikoaren artean ezagutzera emateko helburua du ‘Musika Km0’ lehiaketak. Aurten antolatu du lehen aldiz Grupo Noticiasek 18/70 garagardoaren laguntzarekin, urrian hasi zela hautaketa prozesua.
Honen ostean, epaimahaiak sei talde aukeratu zituen eta abenduaren 22an Bilborocken ospatu zen jaialdian publikoak hautatu zituen irabazleak. Bozkatuena Amaia Santamaría izan zen, «bere ahotsaren berezitasunarengatik». Bigarren postua Mía Kalok lortu zuen, abeslariak eskaintzen dituen «erritmo rockeroak eta ahots indartsua» goraipatu zituztela antolatzaileek.
Hirugarren saria ordea Mikel Sánchez artista galdakoztarrak irabazi zuen. M. Sánchez ezizenez ezaguna, rapa uztartzen ditu 26 urteko gazteak. Estilo honen garrantzia azpimarratu zuen epaimahaiak, Mikelek ere horrela azaldu ziola Binkeri: «Moda bat den arren, bere sorreratik gaur arte egiteari utzi ez da».
Saria jasotzean familia eta lagunei eskerrak eman zizkien eta beretzat musika tresna bat dela azaldu zuen: «Musika egunerokoan ateratzen ez zaizkidan gauzak adierazteko eta esateko erabiltzen dut, nola kontatu ez dakizkidan horiek».
Antolatzaileek lehiaketaren «arrakasta» aldarrikatu zuten, euskal artistek lekua behar dutela azpimarratuz.