Bridgestone enpresatik eratorritako hauts beltz batek Aperribai, Olabarrieta eta Txistulanda auzoak zikindu zituen duela aste bi. Galdakaoko Udalak garbiketa lanak jarri zituen martxan, baina auzokideek enpresaren «erantzun eza» salatu dute. Zein da egoera gaur egun?
Galdakaoko Aperribai, Olabarrieta eta Txistulanda auzoetako bizilagunek Bridgestone enpresatik eratorritako hauts beltza antzeman zuten airean abuztuaren 23an.
Salatu zutenez, hautsa etxebizitza askotan sartu zen, eta «fatxadak, balkoiak, ibilgailuak eta kaleak zikindu zituen. «Auzokideen eta gure animalien osasuna arriskuan jarri dute», salatu zuten auzokideek, eta garbiketa lanak lehen baino lehen hastea eskatu zuten.
Ildo honetan ere, Galdakaoko PSE-EEk hurrengo egunetan zaintza mantentzea eskatu zuen, «behar izanez gero, Udaleko garbiketa-zerbitzuek ahalik eta azkarren jardun dezaten, egun hauetan ez bezala».

Galdakaoko Udalak abuztuaren 26an jakinarazi zuen garbiketa lanak indartu zituela Bridgestonen lantegitik etorritako hauts beltzaren eragina konpontzeko. Horretarako, kaleetan eta espaloietan pilatutako hauts beltza kentzeko dispositibo berezi bat aktibatu zuen.
Auzokideek BINKEri azaldu diotenez, garbiketa dispositibo honekin jarraitzen du Udalak, eta espazio publiko asko eta eskola garbitu ditu honezkero.

Halaber, Udalak 944 010 506 eta 944 010 566 telefono zenbakiak jarri ditu herritarren eskura, garbiketa lanak amaitu ondoren zikinkeria hondarrak detektatuz gero abisatu ahal izateko.
Enpresaren erantzuna
Bridgestone enpresaren aldetik ordea, erantzunik ez dutela jaso salatu dute Aperribai, Olabarrieta eta Txistulandako auzokidek: «Enpresaren webgunean deskarbonizazio prozesua saltzen dute baina guri bota diguten hautsa lotsagarria da».
Udalak ere enpresari erantzukizunak eskatu dizkio. Gertatutakoa azter dezala eta halakorik berriz gerta ez dadin neurriak hartzeko eskatu dio eta baita eragindako kalteak bere gain hartu ditzala eta afektatutako auzokideen eskaerak aintzat hartzea ere.
Hauts beltzaren jatorriari dagokionez, hasiera batean Eusko Jaurlaritzak Basauriko Bridgestone lantegiko tximinia bat garbitzeko eta mantentzeko lanekin zerikusia izan zezakeela jakinarazi zuen. Hala ere, Bridgestone lantegitik zehaztu zuten «gertaeraren jatorria bariku goizaldean enpresaren instalazioetan gertatutako ke beltzaren isuri bat izan dela, konposatu ez toxikoa, oso lurrunkorra».

 
             
                




 
                        