Ana Mezo: «Pentsioetan genero arrakala desagerrarazteko neurriak hartu behar dira»

Argazkiak: Jon Gomez Garai.

Ana Mezo, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko bozeramailea

«Instituzioetan daudenei galdera hau egitea eskatzen diegu: zaintza sistema honek zaintzen gaitu?»

Ana Mezo Basaras
1955, Larrabetzu
Gaztetan ume zaintzan, ostalaritzan, fabrika batean eta abarretan ibili ostean, hezkuntzari lotuta eman du bizitza erdia. Eguzkibegi Ikastolan egin zuen lan 1981tik erretiroa hartu arte, eta ordutik, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kidea da. Taldearen bozeramaile aukeratu ez duten arren, hedabideetan ikusi dezakegu maiz pentsiodunen inguruan
hitz egiten.

TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai

Larrabetzun jaio eta bizi arren, soberan ezaguna da galdakoztar askorentzat Ana Mezo. Urte luzetan zehar Eguzkibegi Ikastolan ibili zen lanean, eta gaur egun han eta hemen ikusi dezakegu pentsioen inguruan hitz egiten, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko bozeramaile lanetan dabilelako. Mezorekin hitz egin dugu pentsioez, etorkizunaz eta Galdakaorekin duen lortu estuaz. 

Zergatik erabaki zenuen pentsiodunen mugimenduan inplikatzeko pausoa ematea? Erretiroa hartu eta jarraian etorri zen pentsiodunen konzentrazioetara joaten hastea. Informazio apur bat baneukan. Interesa nuen, galderaren bat egiten hasi enteratzeko eta ezagun batek batzar batera joateko gonbidapena egin zidan. Batzar batek hurrengoa ekarri zuen eta gaur arte. Pentsiodunen Mugimenduko partaide izatea zen niretik, norbanakotik barik, kolektibotasunetik begiratzea jendartean dagoen arazo hau. Bizitzan beste ibilbide desberdinak egindako pertsonak ezagutu nituen. Oso gazterik lanean hasitakoak. Oraintsura arte ikustezinak izan diren emakumeak, bizitza beste batzuei eskani dizkietenak, beraien buruen zaintzan ardura handirik hartu ez dutenak bai, ostera, inguruko guztiena. Soldatapeko lan prekarioetan ibili direnak. Jente honek aberastu egin nau.

Zein da gaur egun pentsiodunen aldarrikapen nagusia? Aldarrikapen garrantzitsuena da adinarekin eskubiderik ez denez galtzen, bizitza duina eta kalitatezkoa izan behar dugula. Horretarako, besteak beste, pentsio duina behar dugu, etxebizitza egokia, esaterako, irisgarritasunari dagokionez. Elikadura egokia ere behar dugu osasuna zaintzea delako eta zerbitzu sanitario eta soziosanitario beharrezkoak eta nahikoak. Pentsioetan genero arrakala desagerrarazteko neurriak hartu behar dira. Emakumeak senar edo izateko ezkontekidea menpe egon ez daitezen. Alarguntasun pentsioa ere gure aldarrikapenetan dago. Badago beste persona multzo bat 40 urte edo gehiago kotizatuta dutenak baina 65 urte bete orduko kalean gelditu zirenez lantokiak krisiak eraginda zarratu direlako, pentsioetan murrizketak dituzte. Dena den, aldarrikapen izarra da: gutxieneko pentsioa parekatzea lanbidearteko gutxieneko soldatarekin. Orain urte bete Herri Ekimen Legegilea aurkeztu genuen Gasteizko Legebiltzarrean eta gobernua osatzen duten bi alderdiek eztabaidarako eta erabakia hartzeko bidea moztu zuten. Zaintzak ere zentralitate handia hartu du gure borrokan. Diagnostikoa egin ondoren egoerak eskatzen duen Talka Plana osatu dugu. Plan honek hamar proposamen zehatz ditu gaur egungo zaintza-sistema eraldatu egingo lukena. Eragile sozialekin, sinditutuekin, feministekin eta abarrekin kontrasterako gunea sortu nahi dugu. Zaintza ardura dutenei, instituzioetan daudenei gu geuk geure buruari egin diogun galdera berbera egitea eskatuko diegu: zaintza sistema honek zaintzen gaitu?

Pentsioei buruz hitz egiten denean askotan zifrak, ehunekoak eta legeak aipatzen dira. Zer errealitate daude zifra horien atzean? Hedabideetan zenbakiak agertzen direnean zuhurtziarekin irakurri behar dira. Hedabide batzuk ondo dakite zenbakiekin «matematika egiten». Batez bestekoak ematen dira gehienetan. Datu horrek izkutatu egiten ditu pertsona batzuen egoera. Ez da jakiten ematen den kopuru horren goitik eta behetik zenbat dauden. Behetik dauden pentsioek dira persona kaltebeherak egitean dituztenak. Pentsiodun hauen egoera ez da antzematen, izkutuan gelditzen da. Hedabide batzuen ia eguneroko jokabide maltzurra da hori. Zenbakien atzean gorputzak daude. Guk ere datuak erabiltzen ditugu. Entitate ofizialetatik hartzen ditugu. Azaldu eta interpretatu egiten ditugu kontuan hartuta datuen atzean pertsona daudela, aurpegiak daudela. Oinarrizko jakien presioen igoera negargarria den honetan, gure erkidegoan, EAEn, 100.000 pentsiodun, horietatik %67 emakumeak, egongo dira magia egiten hilaren amaierara heltzeko. Kalitate gutxiko eta merke dauden jakiak erostera kondenatuak daude. Hemen gerta daiteke antsietate punturen bat agertzea eta kalitate eskaseko jatorduak egiteagatik osasunean eragina izatea.

Pentsiodunen mugimenduan, zer ikasi duzu euskal gizarteaz lehen agian ikusten ez zenuena? Euskal Herria anitza dela jakin arren, ikusi dudana da jaioterriak eta bizilekuak ezinbestean markatzen duela bakoitzaren bizitzaren ibilbidea. Norberak egiten dituen edo egiten ez dituen ahaleginetan ere badago. Aurrean jartzen zaizun aukeran ere dago bizimodu era batekoa edo bestekoa izateko. Baita ikusi dut adin handiko gizonen eta emakumeen artean dagoen askotariko arrakala, emkume askok duten gizonenganako menpekotasuna eta horrek sortzen duen biolentzia mota, esaterako, biolentzia ekonomikoa. Kasu askotan etxe barruko ekonomista emakumea da, baina diruaren kontrola gizonak dauka.

Ezberdintasunik somatzen al duzu gaurko pentsiodunen eta 30 urte barru pentsiodunak izango direnen kezken artean?Ba, gaur egungo egoera honi 180 graduko bira ematea ez badugu lortzen, hurrengo belaunaldi horiek egoera latzagoa izan dezakete. Baikorra izan nahi dut eta pentsatu hurrengoak ere  borrokarako prest egongo direla eta lorpenak izango dituztela. Edozelan ere, ikusi beharko litzateke 20/30 urte barru planeta hau noren eskuetan eta zein antolaketa izango duen, naturak zer dion eta herritarrek zer esateko duten. 

Pentsioduna izan baino lehen, Eguzkibegi Ikastolan lan egin zenuen urte luzetan zehar. Nola gogoratzen duzu aro hori? Ikastola nire bizitzako parte garrantzitsuenetakoa da. Niretzat Eguzkibegin lan egitea izan da herrigintzan aritzea. Euskal Herrirako beste eskola bat amestu izan dut beti eta horren harira sinesten izan dut batetik, eskolak eta bestetik, ikastolak ekarpen handia egin ahal izango likiokela bihar-etziko Euskal Herriko Eskolari. Biak ikusten ditut beharrezkoak Euskal Eskola Berri horren eraikuntzan. Urteetako lanak ezin dira baztertu. Balioan jarri behar dira.  Badakit azken urteetan eta gaur egun ere eztabaida beste bide batetik doala. Baina hau da nik neuk nire buruan urte hauetan izan dudana. Momentu honetan beste buruhauste batzuk ditut eta beste  lan eta gogoeta batzuetan nabil murgildurik. Edozelan ere, esango nuke Hezkuntza oso garrantzitsua dela eta horren adierazgarria da gobernuaren aldaketarik dagoenean Madridek, Hezkuntza Lege berria egiten dutela, eskumen nagusi hori oraindik bertan dagoelako. Hezkuntza Legeak karga ideologi handia izaten du bere baitan eta alderdiek aukera hori ez dute sekula galdu nahi izaten.

Hainbeste urtez hezkuntzari lotuta egon ondoren, zer ikasi duzu haur eta gazteengandik? Nik ez dut zuzenean łan egin txikienekin baina haurrak alaitasuna direla argi dut. Nerabeekin harreman handiagoa izan dut, eskolak adin horretakoen geletan  ematen nituelako. Orokorrean ondo konpondu naiz, gustura ibili naiz. Nik uste dot eureetariko batzuk edo asko ere pozik egoten zirela nire klaseetan. Edozelan ere, batzuetan pentsatuko zuten «burua joan zaio honi» matematikako eta fisikako klaseetan hogei mende atzera joanda, kontatzen nituen historiako pasarteak entzutean. Nik nahi nuen esan eta frogatu matematika eta fisika ez direla bi arlo astunak edo hotzak. Irakatsi nahi nien bi arlo horiek natura eta mendeetan zehar pertsonen siniskerak eta bizitzeko moduak azaltzeko erabiliak izan zirela.  

Herrigintzan eta mugimendu sozialetan parte hartu ondoren, aldatu al da zuretzat komunitate batekin konpromisoa hartzeak zer esan nahi duen ulertzeko modua? Baietz esango nuke. Konpromisoa hartzen dutenek, batetik, bizitza pertsonala eta komunitatean eta komunitaterako lan egitean arteko oreka garbiagoa mantentzen dute. Bestetik, lanetarako ere tresnak aldatu egin dira. Komunikaziorako sarea asko erabiltzen da. Horri bere abantaila ikusten diot. Informazio laburrak, bapatekoak emateko eraginkorra da. Desabantaila ere kusten diot. Pertsonen arteko harremana murriztuagoa da. Edozelan ere, sasoi guztietan egon da denetarik. Guk ere gazteagoetan ordu larregi egiten genituen batzarretan. Eraginkortasuna galtzen da. Eta orain ere Pentsiodunen Mugimenduko batzarretan sarritan luzatu egiten gara, adinak eraginda baita ohitura zaharrak ere. Eragile batean lanean ibiliz gero eta eragile horren helburuetariko bat eraldatzailea izatea bada, ez dago besterik norberaren horretatik ere ematea. Zenbat? Ez dakit.

Nola uztartzen dira aldarrikapen kolektiboa eta bizitza pertsonala?  Uztartzea beti ez da erraza izan. Sarri jarri dugu aldarrikapen kolektiboa bizitza pertsonalaren gainetik. Beste mundu bat nahi izanez gero, norberak duenetik eman behar du. Gaur egun benetako agintea dutenek egoerak fortzatu egiten dituzte jendeak bizitza beste modu batera planifika dezan. Zenbat eta aukera gutxiago izan hausnarketarako, pentsatzeko eta lan kolektiboetan parte  hartzeko, orduan eta mantsoago biziko da jendea eta ez da borrokan ibiliko. Halan doakigu. Aberastasunaren banaketa gero eta esku gutxiagotan eta pobrezia gero eta hedatuago.

Aldarrikapen eta kargu horietatik kanpo, nor da gaur egun Ana Mezo? Larrabetzun jaio eta bizi den herritarra. Familia labur bateko kidea naiz. Ama eta amama ere. Lagunak dituena. Jarrera egokiak eta desegokiak izaten dituena, Euskal Herria maite duena. Bidaiatzea beti asko gustatu izan zaiona. Egoera berezirik behar ez duena momentua disfrutatzeko. Bakarrik egonda ere disfrutatu egiten dut. Sasoi batean median ibiltzen izan dena. Orain itsasoak mantsotzen nau. Bilbon eta beste hiri batzuetan paseatzea ere gustukoa dut. •

situs togel

situs toto