Bost galdakoztarrek 2006an osatutako Oxabi taldeak 20 urte bete ditu aurten eta ospatzeko, kontzertu berezia eskainiko du Durangoko Landako gunean. Abenduaren 19an izango da, eta gonbidapenak eskuragai daude dagoeneko.
Galdakaon eta inguruko eskualdeetan gazteentzako erromeria talderik ez zegoela bultzatuta, Oxabi taldea sortu zuten 2006an Jon Eguskiza, Aritz Uriarte, Asier Balentzia, Urtzi Enrikez eta Jon Gomez Garai musikari-lagunek.
Lehenengo lau urteak formatu akustikoan aritu ziren kontzertuak, kalejirak eta kaleko saioak eskaintzen. Ordea, 2009. urtean agertoki handietara jauzia egin zuten oxabitarrek, ohiko zituzten instrumentuei —trikitixa, panderoa, alboka, bibolina, dultzaina, txirula…— bateria, baxua, gitarra elektrikoa eta metalezko haizeak sartuta.
Geroztik ehunka kontzertu eman ditu Oxabik Euskal Herri osotik, baita kanpoko herrialdeetatik ere. Koronabirusak eragindako pandemiaren aurretik, 2019an, Espero dena kantu propioa kaleratu zuen Oxabik, Gaztea hedabidean asteko abestia izanik. Eta Ibilaldiaren abesti ofiziala egiteko ardura ere Oxabiri eskaini zitzaion 2025ean, Magaletik herrire.
Gaur egun, taldearen zuzenekoetan —aipatutako instrumentuez gain— teklatu, sintetizadore eta perkusio gehigarriz hornitutako ikuskizun boteretsuaz gozatzen du publikoak, atzoko eta gaurko euskal zein nazioarteko kanturik onenei errepaso eginez.
Eta lan hori, 2026an taldearen 20. urteurrena ospatzeko, musikari paregabeekin egiten ari da Oxabi: Jonen abeslari lanetara Leire Goti gehituta, Lander Campos (bateria), Markel Arevalo (baxua), Iker Aranaz (gitarra), Gontzal Carrasco (trikitixa), Eneko Arraibi (saxofoia) eta Jurgi Iraola (tronboia) dira gaur egungo oxabitarrak.
Urteurren borobilaren amaiera-jaia berriz abenduaren 19an egingo du taldeak, Durangoko Landako Gunean eskainiko duen kontzertu berezian. Beste sorpresa batzuen artean, 20 urte hauetan taldetik pasa diren kide guztiak izango dira oholtzan: 20 urte, 20 lagun!
Berezia izango da, eta dagoeneko oxabi.eus webgunean jarri dituzte gonbidapenak eskura: ate irekiera 19:00etan izango da.




