Bihar, urriak 3, Galdakaoko kaleak musikaz, antzerkiz eta giro onez beteko dira Galdakaoz gozatu ekimenarekin. Ekimena 13:00etan hasiko da, Gu Dendari elkartearen eskutik.
Gu Dendari elkarteak, Galdakaoko Udalarekin lankidetzan, Outlet Gu Dendari ekimenaren edizio berri bat jarri du martxan. Horren baitan, herriko saltokiek euren eskaintzak kalera aterako dituzte gaurtik hilaren 10era.
Ekimen horretaz gain, beste egitasmo bat antolatu du Gu Dendarik astebururako. Zapatuan, urriak 3, Galdakaoz gozatu eskainiko du.
Horren baitan, 13:00etatik 15:00etara, Oxabiko lagunak kalejiran ibiliko dira Galdakaoko kaleetatik, musikarekin eta jai-giroarekin herria animatzen.
Eta 13:00etan, Santi Brouard plazan, A Vela Circo konpainiak El último que apague la luz ikuskizuna eskainiko du. Antzerkia, zirkua eta umorea batzen dituen proposamena, etxeko txiki zein nagusiek gozatzeko.
«Egun polita izango da kalera irteteko, Galdakaon paseatzeko, gure herriko komertzio eta ostalaritzaz gozatzeko eta, bide batez, kulturaz eta musikaz disfrutatzeko», adierazi dute elkartetik.




