Naziorik gabeko herrialdeen Musika Bizian jaialdiak edizio berria ospatuko du Galdakaon, urriaren 30ean eta 31n. Galiziako, Flandriako, Amazigheko eta Euskal Herriko doinuak batuko aurten dira festibalean.
Andra Mari Dantza Taldeak, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin, Musika Bizian jaialdiaren 12. edizioa antolatuko du urriaren 30ean eta 31n.
Naziorik gabeko herrialdeak batzen dituen jaialdiak Galiziako, Flandriako, Amazigheko eta Euskal Herriko doinuak ekarriko ditu aurten herrira.
Galiziako Faltriqueiras taldeak emango die barikuko kontzertuei hasiera, eta horien ostean Kalakan euskaldunak izango dira, 21:30etik aurrera. Zapatuan, Flandriako Enbrum, Amazigheko Agraf eta Zuberoako Xiberoots taldeek jarriko diote musika gauari, 21:00etatik aurrera.
Kontzertuez gain, aurten ere ez du hutsik egingo Taberna Ibiltariak eta euskal kantutegiaren errepasoa egingo du bariku arratsaldean. Zapatuan aldiz, Iruñeko Ortzadar Fanfarrea arduratuko da kaleak animatzeaz.
Musikari artisauak eta luthierrak ere ez dira faltako hamabigarren edizio honetan, eta 31 eguerdian azoka tradizionalaz eta musika erakusketaz gozatu ahal izango da.
Umeentzako tailerrak ere antolatuko dira zapatu arratsalderako, eta, bi egunetan, afarirako eta edanerako aukera izango da.
Naziorik gabeko taldeak
Hauek dira Musika Bizian jaialdiaren 12. edizioan parte hartuko duten taldeei buruzko xehetasunak:
- Faltriqueira: Pontedeumeko (Galizia) bost emakumek osatzen dute taldea. Ahotsa da taldearen tresna nagusia, panderoez lagunduta. Faltriqueira taldeak errespetu handia dio Galiziako musika tradizionalari eta 2002. urtean argitaratutako diskoan hainbat euskal musikarik hartu zuten parte, hala nola Oskorrik edota Kepa Junkerak. Taldearen ardatza musika tradizionala bada ere, ibilbide osoan mota askotako proiektuetan murgildu dira.
- Kalakan: 2009. urtean Hendaian sortu zen taldeak euskara du ardatz, eta kantu tradizionalean oinarritzen da; era berean, kantu herrikoien moldaketa minimalistak egitea da haien berezitasun aipagarriena. Kalakan taldearen musikan perkusio tresnak eta ahotsak dira nagusi. Musikaren oinarriak erabiliz, kideen asmoa da harreman zuzenagoa aurkitzea entzuleen artean. Kantu herrikoiei gaurkotasuna ematen diote, horretarako kantu zaharrei erritmoak emanda, edo pop eta rockaren kopla-leloak erabilita, adibidez.
- Enbrum: 2003an Flandrian sortutako folk talde indartsu honek Europako eszenan oihartzun handia du. Bost kideko motor musikal honen ezaugarri nagusia tradiziozko doinuak XXI. mendeko erritmo progresibo eta modernoekin uztartzea da. Euren zuzenekoak oso ezagunak dira alderdi dantzagarri, bizi eta kementsuagatik. Gainera, une gogorrenak eta pasarte intimoenak bikain orekatzen dituzte. Urteetako eskarmentuari esker, ikusleak erraz bereganatzen dituzte plazan zein jaialdietan.
- Agraf: Rif eskualdean sortu zen taldea amazigh kulturakoa da. Rifeko doinu eta musika tradizionalak folk eta rock garaikidearekin uztartzen dituzte, eta euren abestiak riffian dialektoan (tarifit hizkuntzan) izaten dira, askatasunari eta giza duintasunari buruzko mezu sozial eta solidarioekin.
- Xiberoots: Euskal Herria eta euskara dira talde zuberotarraren izatearen abiapuntua. Pixkanaka pixkanaka musikari bakoitzaren eraginak taldearen musika estiloa aldatu du, betiere hasierako asmoari eutsia: euskara hedatzea reggaearen bidez. Euren zuzeneko festazale eta aldarrikatzaileei esker, indar handiko taldea da gurean. Hein handian zubereraz abesten dute eta euskalkia bera aldarrikatzeaz gain, belaunaldi berrientzako tresna bizi eta moderno gisa erabiltzen dute musika.





