Euskadiko PPk «ETAren Galdakaoko 11 biktimak» omendu ditu gaur Urretan
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Carlos Iturgaiz EAEko PPko presidentea eta Mari Carmen Sánchez Galdakaoko PPren alkategaia buru dituen ekitaldia egin dute gaur popularrek Galdakaon. Urretako Romualda Zuloaga parkean kokatuta dagoen terrorismoko biktimen aldeko eskulturan lora eskaintza egin dute eta osteko prentsaurrekoan Galdakao Oroimena ataria kritikatu dute, Galdakaoko alkatearen, Espainiako presidentearen zein EAJren aurka eginez.
Hautsak harrotu ditu Galdakaoko PSE-EE alderdiak egin zuen salaketa publikoak. Sozialisten arabera, Galdakaoko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak martxan jarritako Galdakao Oroimena atariak «zenbait etakide biktima bezala» aurkezten ditu, alderdi honek ekimenari babesa eman eta atari honen edukiak aurretik jakin bazituen ere. Ondorioz, bai PSE-EE eta baita EAJ ere horren aurka agertu izan dira azken asteotan, besteak beste, legez besteko proposamen bat Eusko Legebiltzarrean aurkeztuz.
Udal-hauteskundeen atarian, PP alderdia izan da orain horren aurka egitera batu dena. Horretarako, alderdi popularreko EAEko presidente den Carlos Iturgaiz buru duen ekitaldia egin dute Urretako Romualda Zuloaga parkean. Bertan dago terrorismoaren biktimen omenezko eskultura, eta horregatik aukeratu dute popularrek toki hori, «ETAk Galdakaon eraildako 11 biktimak omentzeko».
Prentsaurrekoa eskaintzeko baliabideak jarri ditu Euskadiko PPk gaur Galdakaon —mikrofonoa, bozgorailuak, soinu-mahaia, hedabideentzako banagailua,…—. Hitzaldiaren aurretik, ordea, inguruko herrietako alderdiko alkategaiek eta Iturgaizek berak lora eskaintza egin dute, eskulturan hamaika larrosa zuri kokatuz.
Prentsaurrekoa bera Mari Carmen Sánchez Galdakaoko PPren alkategaiak hasi du, bere burua aurkeztuz lehenik, ETAk Galdakaon utzitako biktima batzuen oroimena gogora ekarriz ondoren, eta Galdakaoko Udalaren zein alderdi sozialistaren aurka egiteko azkenik.
Sánchezek, gaztelania hutsean egindako adierazpenetan, Legorburu alkate frankistaren bizitza eta erailketa azpimarratu du 11 hildakoen artean, «baina hamaika horiek bakarrik biktima ez direla» nabarmendu du ostean: «Askoz gehiago dira; biktima hauen senide eta ingurukoak ere biktima direlako, eta horiek dira memoriaren kontakizunean gailendu behar diren izenak, ez Galdakaoko Udalak eta Aranzadik egin duten moduan, biktimak eta hiltzaileak parean jarriz».
Gainera, Galdakaoko PPren alkategaiak «eskertu» egin du udalerriko PSE-EEk egindako salaketa, «baina neurgailu bikoitza» erabiltzen ari dela adierazi du jarraian: «Ez du balio Galdakaon biktimekin egotea eta Madrilen Bildurekin itunak egitea». Horregatik, «Galdakaoko sozialistek Pedro Sánchezi eskatu diezaiotela proetarrekin negoziatzeari uzteko», esan du Mari Carmen Sánchezek.
Galdakaoko alkateari bestetik, Iñigo Hernandori, zera eskatu dio PPko alkategaiak Urreta parketik: «Ez ditzala baimendu presoen ongi etorriak, ezabatu ditzala udalerrian dauden pintada zein pankarta guztiak, kendu dezala etakideen alde jartzen den Gabonetako mahaia —toki publikoan omendu egiten baitira hiltzaileak— eta urriaren 12an ez daitela manifestatu Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean, inoiz egin izan duen moduan».
Galdakaoko alkategaiaren ostean bere alderdiko presidenteak hartu du hitza terrorismoaren biktimen omenezko eskulturaren aurrean. «Galdakaoko alkate proetarrak eta bere jarraitzaileek herrialde honetako borrerorik handienak biktima moduan saldu gura dizkigute, badakigu, baina horren konplize dira nazionalistak eta sozialistak», salatu du Carlos Iturgaizek, hainbat udaletan zein Espainiako Kongresuan «PNVk eta PSOEk Bildurekin akordioak egin edota elkarrekin gobernatu egiten dutelako».
Galdakao «izuaren museo» bilakatu dela deitoratu du EAEn PPk duen presidenteak, eta Espainiako presidentearen aurka ere egiteko baliatu du gaurko prentsaurrekoa, popularrek «terrorismoko biktimen aldeko memoria, duintasuna eta justizia eskatzen jarraituko duten bitartean».