Euskararen eskakizun baten aurkako sententzia jaso du Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: BINKE
Elkarretaratzea deitu dute eguen arratsalderako Ardantza parkean, epaitegi batek Galdakaoko Udalaren kontrako sententzia argitaratu duelako lanpostu baterako egindako euskara mailaren eskakizun batean.
Euskalgintzaren Kontseiluak «euskararen aurkako eraso berri bat» salatu du epaitegien aldetik. Kasu honetan, Galdakaoko Udalak 2022an egindako gizarteratzeko eta laneratzeko teknikari lanpostua egonkortzeko deialdian ezarritako euskara eskakizuna baliogababetu du Bilboko Administrazioarekiko Auzien laugarren epaitegiak.
Euskalgintzaren Kontseiluak epaitegi honen sententzia salatu du: «Berriz ere, udalek langile publikoei euskararen ezagutza eskatzeko duten eskumena izan dute auzitegiek jo puntuan. Udalek hizkuntza-politika egiteko duten eskumenaren aurka jo dute, alegia. Horregatik, ozen salatu nahi dugu botere judizialaren esku-hartzea hizkuntza politiketan».
Kontseiluaren esanetan, «onartezina da epai hauek denak lotzen dituen premisa faltsua: lan eskubideak eta hizkuntza-eskubideak elkarren kontrakoak direla, kontrajarrita daudela».
«Epai honetan epaileak gehiegizkotzat jo du euskara eskakizuna. Batetik, oinarri juridiko erabat eztabaidagarria duen 45 urtetik gorakoen salbuespena aplikatuz, legearen arabera lanpostuaren jabe direnei dagokienean eta, bestetik, Galdakaoko euskararen ezagutzan oinarritutako derrigortasun-indizearen interpretazio murriztaile bat eginez. Hala, kristalezko sabai bat ezartzen zaio euskararen normalizazio prozesuari, hizkuntza-berdintasuna hautsiz eta orain arte ezagutu dugun euskararen ofizialtasuna bera kolokan jarriz», nabarmendu dute.
Honenbestez, Hizkuntza Eskubideen Babeserako Protokoloa aktibatu ondoren, Galdakaoko Bagabiz Euskara Elkarteak eta Euskalgintzaren Kontseiluak elkarretaratzea deitu dute datorren eguenerako, hilak 20, 19:30ean Ardantza parkean. Herritar guztiak deitu dituzte bertan parte hartzera eta atxikimendu ofiziala BINKEren bitartez eman daiteke.
Bestalde, Galdakaoko Udaleko langileen gehiengo sindikalak deituta ere elkarretaratzea egingo dute, kasu honetan eguazten goizean, ekainak 19.