Auzoen arteko Galdabusak neguko ordutegia izango du gaurtik, urriak 1, maiatzaren 31ra bitarte. Albiste honetan batu ditugu aldaketa guztiak.
Udako atzean utzita, Galdabusak neguko ordutegia izango du gaurtik aurrera. Ordutegia maiatzaren 31ra arte egongo da indarrean, eta aldaketek ez dute eragin handirik izango aste barruan: asteburuetan nabarituko dira batez ere egokitzapenak.
Azken hilabeteetan, Galdabusak larunbat arratsaldeetan eta igandeetan ere eskaini du zerbitzua, igerilekuetara eta aisialdiko beste jarduera batzuetara egiten diren joan etorrien areagotzea dela eta.
Neguko ordutegiarekin, berriz, zerbitzua herriko eguneroko jarduerara eta, bereziki, merkataritza ordutegira egokituko da. Horrela, larunbatetako zerbitzua eguerdian amaituko da, eta ez da zerbitzurik egongo igande eta jaiegunetan.
Bestalde, zapatuetan goizeko zerbitzua lehenago hasiko da eta bidaia bat gehiago egingo da bi lineetan. Eta, domeka eta jaiegunetako zerbitzuaren barruan, salbuespenak ere izango dira: azaroaren 1ean, esaterako, Elexalderako zerbitzua eskainiko da, hilerrirako joan etorriak errazteko eta autoaren erabilera murrizteko.
Aste barruan, aldaketa bakarra 08:10ean Zugutzutik Elexaldera abiatzen den zerbitzuan izango da, autobusa ez baita Bekea eta Olabarri auzoetatik igaroko. Aldaketa goizeko ordu horietan N-634 errepidean izaten den trafiko handiak eragiten dituen atzerapenak saihesteko egingo da. Nolanahi ere, Bekea eta Olabarriko auzokideek aurreko eta ondorengo zerbitzuak izango dituzte eskura, baita gainerako ohiko zerbitzuak ere.
Halaber, ibilbide horretan, 2. linearena, aldaketa txiki bat egin zela azken udako ordutegira igarotzearekin batera: Ibaizabalen geltoki berri bat gehitu zen, Zugutzuko industrialdea N-634 errepidearekin lotzen duen zubi berria eraiki eta martxan jarri ondoren. Geltokia Musika Eskolaren parean dago, ibai ondoko espaloian, eta ez du eraginik izan ez ordutegietan, ezta zerbitzuaren maiztasunean ere.





