Galdakaok bat egin du sortu berri den Ehnergia kooperatibarekin

Argazkia: Powen.

Euskal Herriko energia komunitateak saretzeko Ehnergia kooperatiba eratu berri da, eta Galdakaok bat egin du ekimenarekin. Azken osoko bilkuran onartu zen sarean parte hartzea eta entitatearen eraketarako 1.000 euroko ekarpena egitea.

Euskal Herriko energia komunitateak elkarlanean aritzeko, haien beharrak asetzeko eta burujabetza energetikorako bidean aurrera egiteko helburuz, Ehnergia kooperatiba sortu da, eta bertako parte da Galdakaoko Udala ere.

Azken osoko bilkuran onartu zen sarean parte hartzea eta entitatearen eraketarako 1.000 euroko ekarpena egitea. Bazkide kontsumitzaile gisa batu da ekimenera. 

Pasaden urriaren 3an eratu zen ofizialki Ehnergia sarea, Iruñean egindako batzar eratzailean. Euskal Herriko 20 energia komunitatek eta 19 toki erakundek osatzen dute kooperatiba.

Sarean parte hartzen duten udalen artean daude Ziortza Bolibarrekoa, Araitzekoa, Itsasondokoa, Anoetakoa, Orexakoa, Azpeitiakoa, Larraunekoa, Baztanekoa, Aulestikoa, Berakoa, Oñatikoa, Zestoakoa, Berastegikoa, Getariakoa, Lezokoa eta Otxandiokoa, Galdakaoko Udalaz gain. Halaber, Udalbiltza Partzuergoak eta Ipar Euskal Herriko Hautetsien Elkarteak ere parte hartzen dute egitasmoan, 20 herritako energia komunitateekin batera.  

Ehnergiaren helburua «energia komunitateen arteko elkarlana eta koordinazioa sustatzea da, haien beharrak asetzeko eta komunitate berrien sorrera errazteko». Horretarako, aholkularitza juridikoa eta teknikoa eskainiko ditu, besteak beste, eta komunitateek euren proiektuak garatzeko behar dituzten baliabideak eta laguntza eskuratzea erraztuko du.

Kooperatibak toki erakundeei ere laguntza eskainiko die, energia estrategiak garatzen, energia komunitate berriak sustatzen eta tokiko energia berriztagarrien erabilera bultzatzen laguntzeko. Horrela, udalek energia trantsizioan aurrera egiteko eta tokiko baliabideetan oinarritutako eredu energetiko jasangarriagoak garatzeko tresnak izango dituzte eskura.

Hainbat energia komunitatek osatutako eta irabazi asmorik gabeko ekimen soziala da Ehnergia, eta kooperatiba gisa eratu da. Euskal Herri osoan elkarlan sarea osatzea du xede, energia burujabetza sustatzeko eta trantsizio energetiko bidezkoagoa, jasangarriagoa eta herritarren beharretara egokituagoa bultzatzeko. 

situs togel

situs toto