Bizkaiko Foru Aldundiak baimendutako turismo tasarik handiena aplikatzea adostu zuen Galdakaoko udalbatzak. 2027ko urtarriletik aurrera aplikatuko da, eta tasari esker urtean 70.000 euroko diru sarrerak eskuratuko direla aurreikusi du Udalak.
Galdakaoko udalbatzak hileko osoko bilkura antolatu zuen irailaren 24an, eta bertan zenbait erabaki hartu zituzten alderdiek.
Besteak beste, 2027ko urtarriletik aurrera udalerrian dauden hotel-establezimenduei, pentsioei, nekazalturismoei eta turismo-ostatuei kobratuko dien turismo-tasa aho batez adostu zuen udalbatzak.
Plenoan Ogasun zinegotziak jakinarazi zuenez, gaur egun 123 plaza daude horrelako egonaldietarako, eta beraz, zerga berriarekin, urtean 70.000 euroko diru sarrerak izango direla aurreikusten du Udalak.
Bizkaiko Foru Aldundiak baimendutako turismo tasarik handiena aplikatuko du Galdakaok, eta honakoak izango dira:
- Bi izarreko hotelak: 2,5 euro egonaldi unitate bakoitzeko
- Pentsioak: 1,75 euro eguneko
- Erabilera turistikoko etxebizitza partikularreko logelak: 6,50 euro eguneko
- Erabilera turistikoko etxebizitzak: 6,50 euro eguneko
- Landetxeak: 1,75 euro eguneko




