Galdakaoko Udalak Herriko hezkuntza komunitatearen proiektuak eta jarduerak sustatzeko dirulaguntza abiatu du. Guztira, 55.000 euro bideratuko dira deialdian jasotako baldintzak betetzen dituzten entitateei laguntzeko.
Herriko hezkuntza komunitatearen proiektuak eta jarduerak sustatzeko dirulaguntza abiatu du Galdakaoko Udalak, tokiko hezkuntza eragileek egiten dituzten ekimenak babestu eta indartzeko asmoarekin.
Dirulaguntza horien helburu nagusiak dira, besteak beste, ikasleen parte-hartzea eta hizkuntza-proiektuak sustatzea, eragile guztien arteko bizikidetzan, elkartasunean eta integrazioan eragitea, berrikuntza eta sormena sustatzen lagunduko duten proiektuak bultzatzea, edota familiek ikastetxeko eta udalerriko bizitzan parte har dezaten sustatzea.
Dirulaguntzak bi lerrotan banatuko dira. Lehenengoa Galdakaoko ikastetxeetako guraso elkarteei eta ikasle elkarteei zuzenduta dago, eta baita herriko ikastetxeren batean eskolatutako hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleentzako programak eta jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko elkarte eta erakundeei ere
Bigarren laguntza lerroa, berriz, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Hezkuntza Berezia, Pertsona Helduen Hezkuntza eta Lanbide Heziketa eskaintzen duten Galdakaoko ikastetxeei zuzenduta dago, ikastetxe publiko zein itunpekoak izan.
Guztira, 55.000 euro bideratuko dira deialdian jasotako baldintzak betetzen dituzten entitateei laguntzeko. Proiektu bera bi dirulaguntza lerroetan sartu ahal izango da, eta ez dira bi proiektu baino gehiago diruz lagunduko eskatzaile bakoitzeko.
Hainbat dira deialdi honen bidez diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta proiektuak: jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak, irakurzaletasuna sustatzeko eta eskola-liburutegiak hobetzeko ekimenak, ikasleen inklusioa errazteko programak, euskal kultura eta tradizioa, hezkuntza emozionala, bizikidetza eta kulturartekotasuna, berrikuntza eta sormena, hezkidetza eta jasangarritasuna lantzen dituzten proiektuak babestuko dira, besteak beste.
Eskaerak urriaren 9ra arte aurkeztu ahal izango dira, Galdakaoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.
Azken urteetan bezala, dirulaguntzak norgehiagoka bidez banatuko dira, proiektuak ezarritako irizpideen arabera baloratuta. Horrela, deialdiak hezkuntza komunitateko eragile guztiei beren proiektuak aurkeztu eta laguntza eskuratzeko aukera ematen die, deialdian jasotako baldintzak betez gero.
Ekimen honen helburua «herriko hezkuntza komunitatearen lana babestu eta hezkuntzaren inguruan sortzen diren proiektuak indartzea da, ikasleen, familien eta ikastetxeen arteko elkarlana eta parte-hartzea sustatuz».




