Geltokia erdigunean eskatzeko aldarria, Batzar Nagusietan eta Lehendakariaren zin egitean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Bizkaiko Batzar Nagusiak
Erdigunean Metro geltokia eskatzen jarraitzen dute usansolotarrek eta pasa den astean Bizkaiko Batzar Nagusietara eraman zuten aldarria Jon Atxutegik eta Josu Grandibalek. Halaber, hainbat auzokide batu ziren Gernikan, Imanol Pradales Lehendakari karguaren zin ekitaldian, «gaur egungo proiektua aldatzea» eskatzeko.
Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sareak Metroaren 5. linearen proiektua onartu zutenetik, usansolotarrak horren kontra agertu dira, gaur egun erdigunean duten geltokia kendu eta hori barik geratuko direlako.
Herritarrentzat «ez da nahikoa» proiektuaren arduradunek proposatutako lanzaderaren alternatiba eta horregatik, Geltokia Erdigunean plataformak lan egiten jarraitzen du.
Aurreko asteetan alderdi politikoen ordezkariekin batu ziren plataformako kideak eta pasa den astean aldiz, Bizkaiko Batzar Nagusietara eraman zuten aldarria.
Jon Atxutegi eta Josu Grandibal kideak izan ziren Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarren Hartu-Emanetarako batzordean eta azpimarratu zuten, «ez dugula onartzen Euskal Trenbide Sarea erakundeak anezka-zerbitzua izango duen geltokia herrigunetik urrun egiteko hautatu duen aukera».
Ildo honetan, Bizkaiko Parlamentuan arauz besteko proposamen bat «arin» onartu dezala eskatu zieten Batzar Nagusietako taldeei, Eusko Jaurlaritzari «moratoria» bat aktibatzeko eskatzeko, geltokia ospitaletik gertu izango duen eta Usansolora ematen duen sarbidea 100 metro luzatzea aurreikusten duen proiektua geldiarazteko.
Bestalde, plataformako zenbait kide eta hainbat usansolotar Gernikan izan ziren Metroa erdigunean aldarrikatzen, Imanol Pradales Lehendakari karguaren zin ekitaldian.