Iskander Sagarminaga igerilariak Ipar Kanalaren erronka egingo du abuztuan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Eider Eibarrek BINKEri bidalitakoa
Iskander Sagarminaga igerilari galdakoztarrak Ipar Kanalaren erronka egingo du abuztuan, Ipar Irlandatik Eskoziara 35 kilometro neoprenorik gabe eginez. Eider Eibar ilustratzailea izango du bidelagun eta ostean Margo Piratak webgunean argitaratuko dituzte abenturari buruzko marrazkiak.
Itsaso zabaletik eta neopreno barik lotu zituen pasa den urtean Ingalaterrako eta Frantziako kostaldeak igerian Iskander Sagarminaga galdakoztarrak. Euskal Herrian bost igerilarik baino ez dute lortu erronka hori eta bidelagun izan zuen Eider Eibar ilustratzailea, BINKEk jaso zuen moduan.
Aurten erronka berri bat egingo du, kasu honetan Ipar Kanalekoa. Sagarminagak Ipar Irlandatik Eskoziara 45 kilometro egingo ditu abuztuan, 12-13 ordu emanez 12 graduko uretan, neoprenorik gabe. Abentura honetan ere Eibar izango da bere alboan.
Pasa den eguenean, ekainak 13, egin zuten erronkaren aurkezpena eta honetan azaldu zutenez, «hipotermia, marmokak, birikietako edema, itsasoko bizita eta itsaspeko nuklearrak» izango dira erronka honen arrisku nagusiak.
Aurreko erronketan egin bezala, oraingoan ere marrazkiak eta euskarazko eduki digitala sortuko dituzte abenturaren inguruan, Kokoak proiektuaren baitan dagoen Margo Piratak webgunean.