Hirigintza
BINKE / 2022ko ekaina

Lokal hutsez jositako kaleekin zer egin aztertuko du Galdakaok

TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIAK: Galdakaoko Udala

Gutxienez Galdakao erdiguneko sei kale ditu Udalak identifikatuta inongo jarduerarik ez duten lokal hutsez beteta, eta horiekin zer egin «amesteko» ekimena jarri du martxan, herritarrek ekarpenak egin ditzaten. Horren aurrean, Udalak datozen hiru egunetan Zuloaga Margolari kaleko bosgarren zenbakiko lokaletik gerturatzera animatu gura ditu herritarrak.

Dena delako arrazoiagatik, jarduerarik ez duten lokal hutsez josita daude Galdakaoko kale asko. Eta errealitate horren aurrean «zerbait egiteko beharra identifikatuta» izan du Galdakaoko Udalak «aspalditik», martitzen honetan bidalitako oharrean adierazi duen bezala. Horregatik, New Orleansetik datorren ideia bat oinarri hartuta «Galdakao amestuz» ekimena martxan jarriko du herriko erakundeak ekainaren 23, 24 eta 25erako, herritarren ekarpenak jasotzeko.

Bereziki Euskadi, Gipuzkoa, Gaztain, Zubiaurretarren, Joxe Miguel Barandiaran eta Zuloaga Margolari kaleetan jarduera berpizteko beharra ikusi du Udalak. Bertan zenbait lokal elkarren segidan eta urte luzez hutsik daude, inongo aktibitaterik gabe. Horietariko batean beraz, Zuloaga Margolari kaleko bosgarren zenbakian dagoen lokal hutsera herritarrak gonbidatu gura ditu Udalak, «kale horietako lokal itxi edota hutsak dituzten hiri-inguruneei, eta zergaitik ez, Galdakao osoari buruz dituzuen ideia, amets eta desioak elkarbanatzeko».

Herritarrek, kale hauen inguruetako bizilagunek edota merkatariek, edonork har dezake parte ideien ekimen honetan ondoko egun eta orduetan aipatutako lokalera gerturatuz:

Zuloaga Margolari kalea, 5
Ekainak 23, eguena, 16:30-20:30.
Ekainak 24, barikua, 16:30-20:30.
Ekainak 25, zapatua, 10:30-14:30.