Galdakaoko Udalak herenegun inauguratu zituen Urreta kiroldegi eraberritua eta 600 metroko gimnasio berria. Instalazioak erabilgarri daude dagoeneko, eta hemen batu ditugu proiektuaren xehetasunak.
Galdakaoko Udalak 2001ean eraiki zen Urreta kiroldegia handitu, berritu, eguneratu eta modernizatzeko lanak egin ditu. Herenegun inauguratu zuten kiroldegi eraberritua Udaleko ordezkariek, eta herritarrek ere instalazioak bisitatzeko aukera izan zuten.
Guztira, 3,3 euro milioi euro inbertitu ditu Udalak proiektuan, eta berrikuntza nagusien artean dagoeneko erabilgarri dagoen gimnasio berria dago. Zehazki, 600 metro kuadroko gimnasio modernoa egin da, bi solairutan banatua.
Beheko solairuan indarra lantzeko makinak daude, eta goiko solairuan kardioa lantzekoak. Punta puntako 72 makina eta beste hainbat rack, plataforma, kaxoi, zinta, antila eta kordel ekipamendu daude, bi solaituran banatuta.
«Zerbitzua hobetuko duen beste elementu garrantzitsu bat pertsonak dira, eta horregatik fitness gelan monitorea egongo da aldioro erabiltzaileei ariketak behar bezala egiten laguntzeko», adierazi du Udalak.
Gimnasio berriaz gain, sotoko espazioak moldatu eta berritu dira, gaur egungo kirol eskaeretara egokitzeko. Ondorioz, espazio hauek ditu solairu bakoitzak:
- Sotoa. Jarduera anitzerako gela handia bere horretan mantendu da eta honakoak dira egokitutako espazioak: aldagelak eta hainbat kirol jardueretarako bi gela berri:
-Pilates, yoga, bizkar osasuna, luzaketak eta antzeko jardueretarako gela
-Entrenamendu funtzionala eta cross trainingerako gela
-Beste gela bat halterofilia taldeak eta herriko gainontzeko taldeek entrenamenduetarako erabiltzeko - Lehenengo pisua. Honako eremu berrituak ditu: Aldagela eta komun berrituak, egokituak barne, eta igerilekuko aldagelak ere aldatuta Gimnasioaren lehenengo solairua, indarra lantzeko makinekin
- Goiko pisua. Segurtasunerako baldintzak areagotzeko lanak egin dira, batez ere suteen aurkako neurriak eta ebakuazio zein babes elementuak gehituta. Irizpide horiekin antolatu dira bertako eremu berriak:
–Erabilera anitzeko gela berria
-Gimnasioaren bigarren solairua, batez ere kardioa lantzeko makinekin
Aldaketa guzti horiek ikastaro berriak eskaintzea ahalbidetuko du, besteak beste, cross training, entrenamendu funtzionala, Hyrox, pilates aurreratua, bizkar osasuntsua, stretching eta spin bikekoak. Halaber, herriko kirol taldeek entrenamendu gela izango dute.
Ordutegiari dagokionez, malgutasuna izango da nagusi. Fitness eremua 07:00etan zabalduko da astean zehar, kiroldegiaren gainontzeko eremuak baino ordubete lehenago eta ate berezitua izango du sartzeko: aparkalekuaren ondoko atetik sartu ahalko da fitness eremura, txartel elektronikoa erabilita.
Oso zabala izango da, beraz, ordutegia: astelehenetik barikura 07:00etatik 23:00etara izango da ordutegia fitness eremurako, eta gainontzeko eremuetarako, 08:00etatik 23:00etara. Zapatuetan 09:00etatik 22:00etara, kiroldegi osoan; eta domeka eta jaiegunetan 09:00etatik 20:00etara, kiroldegi osoan.
Prezioak eta hobariak
Honakoak izango dira fitness eremurako prezioak:
-Hileko tarifak:
- Abonatuak: 25 euro hilea
- Ez abonatuak: 50 euro hilean
- Adingabe abonatuak: 17,25 euro hilean
- Abonatu ez diren adingabeak: 37,50 euro hilean
-Eguneko tarifak:
- Abonatuak: 4,10 euro
- 17 urtetik beherako abonatuak: 3,10 euroAbonatu gabeak: 5,70 euro
- 17 urtetik beherako abonatu gabeak: 4,30 euro
Datorren urterako tarifak ere osoko bilkuran onartu dira dagoeneko, aukera berriak eskainita. Ondorioz, honako tarifak eskuratzeko aukera ere izango da 2027tik aurrera:
-Abonatuentzako Jarduera Anitzeko Tarifa: Hilean 40 euroren truke, erabiltzaileek astean 4 jarduera gidatu egiteko aukera izango dute modu malguan. Hau da, ez dute zertan beti jarduera bera edo ordutegi bera aukeratu. Aste bakoitzean erabilgarri dituzten lau saioak momentu bakoitzeko beharren arabera aukeratu ahal izango dituzte, jardueretan horretarako gordetako plazen arabera. Abonua gehitu behar zaio tarifa horri, eta abonatu izanik, Urreta eta Elexaldeko igerilekuak, rokodromoa eta abonuan sartzen diren gainerako zerbitzu eta deskontuak baliatzeko aukera ere izango dute.
-Abonatuentzako Jarduera Anitzeko Tarifa konbinatua: Hilean 45 euroren truke, fitness gela nahi beste erabiltzeko aukera izango dute eta, horrez gain, astean bi jarduera gidatu egin ahal izango dituzte modu malguan. Kasu honetan ere erabiltzaileak abonatua izan beharko du eta, beraz, fitness gelaz eta jarduera gidatuez gain, igerilekuak, rokodromoa eta abonuan sartzen diren gainerako zerbitzu eta deskontuak erabili ahal izango ditu.
Bestetik, 2027ko hobarien barruan gimnasioari ere progresibitatea ezartzea onartu zen azken osoko bilkuran. Abonuak egiterakoan dagoeneko indarrean dauden hobari berak ezarriko dira gimnasioaren prezioetan ere, familien diru sarreren arabera.
Hobari horiek %10etik %90era artekoak dira, diru sarreren eta familien zaurgarritasunaren arabera. Ondorioz, abonatuei ftness gela erabiltzeko dagokien 25 euroko hileko tarifa 22,50 eurokoa, 16,25 eurokoa, 10 eurokoa, 5 eurokoa edo 2,50 eurokoa izan daiteke familia bakoitzari dagokion hobariaren arabera.




