Iskander Sagarminaga itsasotik aterarazi zuten, Ipar Kanala igerian zeharkatzen zebilela
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Kokoak Gara
Iskander Sagarminaga igerilari galdakoztarra Ipar Kanalaren erronka egiten saiatzen ari da, Eider Eibar ilustratzailea duela bidelagun. Sagarminagak zapatuan, abuztuak 31, hasi zuen erronka baina bertan behera utzi behar izan zuen «itsaso zakarraren» ondorioz.
Itsaso zabaletik eta neopreno barik lotu zituen pasa den urtean Ingalaterrako eta Frantziako kostaldeak igerian Iskander Sagarminaga galdakoztarrak. Euskal Herrian bost igerilarik baino ez dute lortu erronka hori eta bidelagun izan zuen Eider Eibar ilustratzailea.
Aurten erronka berri bat egiten saiatzen ari da, kasu honetan Ipar Kanalekoa. Sagarminagak Ipar Irlandatik Eskoziara 45 kilometro egin nahi ditu, 12-13 ordu emanez 12 graduko uretan, neoprenorik gabe, BINKEk jaso zuen moduan.
Zapatuan, abuztuak 31, erronka egiten hasi zen Sagarminaga baina itsasoan kilometro batzuk egin eta gero, bertan behera uzteko erabakia hartu zuten, «itsaso zakararren ondorioz». «Haize eta olatu handiak zeuden eta ezin genuen nahi genuen noranzkoa hartu. Itsasoa oso bortitz jarri zen eta itsasontziko kapitainak Iskander uretatik ateratzeko agindua eman zuen», azaldu dute sare sozialetatik.
Hain zuzen Kokoak proiektuaren sare sozialetatik eta baita webgunearen bitartez zuzenean jarraitu daiteke erronka, izan ere, hurrengo egunetan berriz saiatuko da Sagarminaga Ipar Irlandatik Eskoziara heltzen.