Pasa den astean Munduko Lur gaineko Sokatira Txapelketa lehiatu zen Notthighamen eta Gorka Krutzaga galdakoztarrak bertan parte hartu zuen. Gaztedi Klubarekin eta Euskal Selekzioarekin aritu zen eta txapeldun izan zen biekin. Gaztearekin hitz egin dugu lorpenen inguruan.
Notthighamek Munduko Lur gaineko Sokatira Txapelketa hartu zuen pasa den astean. Lehen egunetan kluben artean lehiatu ziren eta hurrengoetan aldiz, selekzioen artean.
Gorka Krutzaga galdakoztarrak bertan parte hartu zuen eta gaztea txapeldun bikoitza izan zen, Laukizko Gaztedi Klubarekin 560 kg kategorian eta Euskal Selekzioarekin —txapelketa honetan lehen aldiz lehiatu da— 600 kg mailan. Halaber, txalpeldunorde izan zen azken honekin 560 kg kategorian.
Munduko txapelketan aritu den bigarren aldia izan da duela urte bi Santakurtzetako txupineroa izandakoarentzat, eta aurrekoan ere txapeldun izatea lortu zuen, baina ordezko moduan. Honetan aldiz, titularra izan da norgehiagoka guztietan.
Aurtengo garaipenekin oso pozik dagoela aitortu dio Krutzagak BINKEri: «Oso itxaropen handiak genituen Nottinghamen ospatutako mundialerako eta azkenenan bi kategoriatan irabazi egin dugu eta beste batean txapeldunorde izatea lortu dugu».
«Beharbada helburu handiegiak genituen tarte gutxi izanda egun batetik bestera eta beharbada nekea nabarmendu izan dugu bukaeran. Horrek datorren urterako motibazio gehiago emango gaitu. 560kg kategoria gure gogokoena da, bertan urrea klub mailan eta zilarra selekzioarekin lortu dugu, beraz… hamarretik zortzi edo bederatziko puntuazioa emango nioke txapelketari», nabarmendu du Krutzagak.
«600kg-ko kategoria aldiz, berria da. Klub mailan emaitza ez zen gure gustokoa izan, baina selekzioarekin irabaztea eta beraz, irabazitako kopan Basque Country jartzea historikoa da. Aurten talde eta nazio gehien parte hartu duten kategoria izan da, beraz… onenak bertan egon dira eta seguruenik hurrengo urteetan horrela izaten jarraituko du», adierazi du kirolariak.