Kaiola festibalaren bederatzigarren edizioak sei emanaldi eskainiko ditu

Irudiak: Irati Alonso García

Kaiola festibalaren bederatzigarren edizioak nazioarteko bost proiektu Galdakaon ikusteko aukera eskainiko du, urriaren 18an. Halaber, aurreko egunean herritar guztiei zuzendutako doako saioa aurkeztuko dute Rie Nakajima eta Pierre Berthet musikariek.

Bueltan dago Galdakaon ohiko soinuetatik aldendu eta musikarekin esperimentatzeko aukera eskaintzen duen Kaiola festibala. Bederatzigarren edizioa urriaren 17 eta 18an antolatuko da eta guztira sei emanaldi hartuko ditu jaialdiak.

Urriaren 17an aurten berrikuntza izango den ekintza bat prestatu dute antolatzaileek. Rie Nakajima eta Pierre Berthet musikariek ikuskizuna eskainiko dute Gandasegiko arkupeetan, eta doakoa izango da.

«Honen helburua Kaiola herritarrei hurbiltzea da, eta horregatik emanaldiaz gozatzera animatzen ditugu galdakoztarrak», adierazi du gaur aurkezpenean Edurne Espilla jarduneko alkateak. «Adin guztiei zuzendutako saioa izango da, umeak barne, eta objektuekin jolasean ibiliko dira musikariak soinuak sortzeko», azaldu du Aritza Landaluze antolatzaileak.

Bestalde, urriaren 18an beste bost proiektu ezagutzeko aukera eskainiko du jaialdiak. Lehen aldiz, musikari euskaldun bat arituko da Kaiolan eta Garazi Navas usansolotarra izango da. «Folkloreari lotutako musika jotzeagatik ezaguna bada ere, soinu esperimentalekin ere aritzen da Navas, eta Kaiolan hauek entzun ahal izango ditugu», nabarmendu du Landaluzek.

Tashi Dorji eta Maria Bertel artistak ere izango dira Galdakaoko jaialdian, batera joko dute lehen aldian. «Ez dira elkar ezagutzen eta ez dira inoiz aritu elkarrekin oholtza batean», azpimarratu du antolatzaileak.

Fujiiiiiiiiiiita japoniarrak aldiz, bere proiektu berria aurkeztuko du Kaiolan: «Europan saio oso gutxi eskainiko ditu eta hauetako bat Galdakaon izango da. Benetan aukera paregabea da musikari honen lana ezagutzeko».

Azkenik, Ben Lamar Gay Ensemble eta Irreversible Entanglements taldeak arituko dira jaialdian. «Talde gazteak dira eta jazz soinuak eskaintzen dituzte», azaldu du Landaluzek.

Bost artista hauek ikusteko sarrerak salgai daude honezkero 15 euroko prezioan Galdakaoko Udalaren webgunean eta Torrezabal Kultur Etxean.

Hemen Aritza Landaluzeren hitzak Kaiola festibalaren bederatzigarren edizioaren inguruan: