Urte barria neguan hasten da eta urte zaharra neguan amaitu. Negua hotza eta ezoa izaten da euri zein edurra bitarteko. Urtarrila neguaren bihotza dala dino esaera zaharrak baina aspadiko partez, klima aldaketagaitik-edo, ez da hain hotza eta edurtsua. Adinekoen esanetatik entzuten dogu gaur egun ez dauala lehenagoko edurtzarik egiten, hurrik be ez. Edurra polita da ikusteko baina beste gauza askotarako ez. Kontuz edurragaz ze «edurra zuria dala baltza da» mendi-ganadu eta baserrietakoentzat. Edurrak lurra zuriz janzten dauanean ez da ikusten zorurik. Edurra urtzen hasten danean sakonari txikiko edurra arinago urtzen da eta lurmenak agirian itxi. Mendietako ganaduak edurtzatik behera egiten dau janari bila, baina lurmenak agertzen diranean lurmenik lurmen ibilten dira agirian dagoan bedarra jaten, artean ezina zalako. Gorbeialdean azkenengo lurmentzen dan tokiak «Gorbeiako igitaia» deritxo eta luzaroan irauten dau igitaia dirudien edur leituak. Erreferente bat Gorbeialdeoontzat. Gaur uritartuz goaz baina lurmen berbea bizirik daukagu. Geureak doguzan berba jator zaharrak ez daiguzan galdu, berreskuratu eta etorkizunera bideratu baino.
Hala bedi!
«Lurmenak», Manu Etxebarria

