Martxoaren 27an Galdakaotik igaroko den 24. Korrikarako motorrak berotzeko, bihar hasiko dira ospakizun ekitaldiak. Hemen batu ditugu Korrika Kulturalaren jarduera guztiak.
Korrikaren 24. edizioa Atharratzetik Bilbora antolatuko da, martxoaren 19tik 29ra, eta 2.175 kilometro izango ditu guztira. Tartean, Euskal Herriko hainbat txoko igaroko ditu eta Galdakaon eta Usansolon hilaren 27an izango da, BINKEk jaso zuen moduan.
Egun horretaz gain, hurrengo astean hainbat ekintza antolatuko dituzte euskararen aldeko ekimena datorrela ospatzeko. Egitaraua AEK-k antolatu du, Galdakaoko Udalaren babesarekin eta Udalak 12.000 euroko diru laguntza eman dio Korrika Kulturaleko jarduerak gauzatzeko.
Proiektua publikoki aurkezteko, Izaskun Barbarias Galdakaoko Udaleko Euskara zinegotzia, Janire Egaña eta Asier Martin Galdakaoko AEK-ko arduradunak, eta Jon Aurrekoetxea Korrikako Bizkaiko arduraduna bildu egin dira, lankidetzaren garrantzia azpimarratuz.
Aurten, Korrikaren omendua Errigora izango da, Nafarroa hegoaldeko ekoizleen produktuak Euskal Herri osora zabaltzen dituen ekimena, euskararen, auzolanaren eta elkartasunaren aldeko lana sustatuz. Galdakaon Errigoraren saskiak eta dinamika koordinatzen dituen taldea errotuta dago, eta horregatik aukeratu du AEK-k herria egitasmoaren aurkezpen artistikoa egiteko. Martxoaren 3an izango da Torrezabaleko erakusketa gelan, Asisko Urmenetaren eskutik. Gainera, martxoaren 11n eta 12an Errigorako produktuen dastaketa egingo dute euskaltegiko ikasleek.
Aurrez, ordea, martxoaren 6an, eta lehen aldiz, kirol taldeek eskuz esku eramango dute korrikaren lekukoa: bolei, atletismo, boxeo, txirrindularitza, tenis, futbola, ping-pong, igeriketa, saskibaloia, triatloi eta pilotan aritzen direnek parte hartuko dute. Kirolariek entrenatzen duten espazioetatik lekukoa pasa ostean mezua irakurriko dute Agirre Lehendakariaren plazan. Andra Mari dantza taldeak ere parte hartuko du, eta, egun berean, Urretan umeentzako tailerrak eta El Chico Diva euskal drag queenaren emanaldia ere izango dira.
Martxoaren 6an ere, Mugarik gabe dokumentala eskainiko da. Ordubeteko ikus-entzunezkoak Kurdistanen eta Euskal Herriaren arteko lotura egiten du, musikaren, erresistentziaren eta elkartasunaren bidez. Boris Guevarak zuzendu du lana, Mugarik Gabe Collectivek eskatuta, eta bi herrien eta hizkuntzen egoera islatzen du, tartean Korrikaren beraren funtzioa. Dokumentalean Itziar Ituñok, Joseba Sarrionaindiak, Jon Maiak, Roberto Awanarik eta Janire Egañak parte hartu dute, besteak beste.
Martxoaren 13an aldiz, Korrika Atharratzen hasi baino astebete lehenago, festa eguna izango da Galdakaon: Gurasolagun ekimena, Onintza Enbeita eta Igor Elortzarekin bertso poteoa, Beti Jai fanfarrea kalez kale eta Jonkass artista Iturrondon izango dira, besteak beste.
Martxoaren 26an Korrika Txikia egingo da, eta biharamunean, goizeko 7etan, Korrika Galdakaora iritsiko da, Aperribaitik.
Hemen batu dugu Galdakaoko Korrika Kulturalaren egitarau osoa:
Otsailak 27, barikua
17:15 Barikupasa: Korrika karaokea, Urreta eskolako arkupeetan
18:20 Taupada korrika dantza: Urreta eskola, Iturrondo, Santi Brouard
19:45 Kontzertuak: Ardi Galduak, Buzkentza eta Koiu, Santi Brouarden
Martxoak 3, martitzena
10:30 Errigoraren aurkezpen artistikoa, Asisko Urmenetaren eskutik, Torrezabalen
Martxoak 6, barikua
17:00 Kirol taldeen Korrika, Elexaldetik Torrezabalera
17:30 Umeentzako tailerrak, Urretan
18:00 Mezu irakurketa, Lehendakari Agirre plazan
19:00 Kurdistanen eta Euskal Herriaren arteko loturaren inguruko Mugarik gabe dokumentala, Torrezabalen
20:00 El Chico Diva, Urretan
Martxoak 11, eguaztena
17:15 Errigora produktuen dastaketa, AEK euskaltegian
Martxoak 12, eguena
10:00/17:30 Errigora produktuen dastaketa, AEK euskaltegian
Martxoak 13, ostirala
17:00 Gurasolagun Korrika, Gandasegin
19:00 Bertso poteoa: Onintza Enbeita eta Igor Elortza, Gangurenetik hasita
19:00 Beti Jai fanfarria, Iturrondotik hasita
21:00 Kontzertua: Jonkass, Iturrondon
Martxoak 26, eguena
10:00 Korrika txikia, Urretatik Iturrondora
10:30 Dantzatzeko prest, Iturrondom eta euria bada, frontoian
Martxoak 27, barikua
07:00 Korrika badator! Aperribaitik Urgoitira




