Auzoen arteko Galdabusa astelehenean jarriko da martxan
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Herritarren eskaerei erantzunez, auzoen arteko Galdabusa jarriko du martxan Galdakaoko Udalak bi ibilbiderekin. Lehenengoa Aperribaitik Mugurura igaroko da eta abuztuko lehen astean hasiko da zerbitzua. Bigarrena Zuhatzutik Elexaldera joango da eta astelehenetik, uztailak 24, aurrera erabili ahal izango da. Albiste honetan batu ditugu proiektuaren xehetasunak eta ibilbide bakoitzaren ordutegiak.
Herritarrek denbora luzez eskatu duten zerbitzua jarriko du martxan Galdakaoko Udalak: auzoen arteko Galdabusa. Gaur aurkeztu dute proiektua Amets Iturbe Gizarte Ekintza zinegotziak eta Toño González Garraio zinegotziak zerbitzu honetarako zehazki sortu den Zamakoa kaleko geltokian.
Iturbek azpimarratu duenez, proiektu «oso garrantzitsua» da galdakoztarrentzat: «Helburua auzoen arteko komunikazioa hobetzea da, eta baita tokiko salmenta bultzatzea ere». Halaber, zinegotziak adierazi du aurrerapausoa dela kotxeen erabilera murrizteko eta «oinezkoentzako herri atsegin bat eraikitzeko». Ildo honetan, %100 elektrikoa dela azpimarratu du.
Proiektua proba garaian hasiko da, herritarren beharrizanak ikusten joateko eta udan doakoa izango da. «Asmoa hobetzen joatea da, suertatzen diren beharren arabera», azaldu du Gonzálezek.
Galdabusak bi ibilbide izango ditu. Lehenengoa Aperribaitik Mugurura joango da eta hauek izango dira geltokiak: Aperribai-Unamuno, Aperribai igogailua, Bengoetxe, Sixta Berrenetxea, Urreta, Urretako anbulatorioa, Zamakoa eta Muguru. Ibilbide hau abuztuaren lehen astean jarriko da martxan.
Bigarren linea Zuhatzutik Elexaldera joango da eta geltokiak hauek dira: Zuhatzu, Juan Bautista Uriarte, udaletxea, hilerria eta Elexalde. Hau astelehenetik, uztailak 24, erabili ahal izango da.
«Badakigu Galdabusa momentuz ez dela auzo eta txoko guztietara heltzen baina hobetzen joango gara», nabarmendu du Iturbek, Auzotaxi proiektua lantzen ari direla azalduz.
Galdabusaren ordutegiei dagokienez, lanegunen eta jaiegunen arabera bereiztuko dira. Astelehenetik barikura 07:40 eta 08:20 artean hasiko da, eta 19:40 eta 20:20 artean bukatu.
Asteburu eta jaiegunetan aldiz, 09:20 eta 10:00 artean hasiko da, eta 19:40 eta 20:40 artean amaitu.
Ondoko argazkian eta Udalaren webgunean ezagutu daitezke ordutegi guztiak.