Euskaraldiko aurkezpenean gure herrietako euskararen erabileraren datuak eskainiko dira
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Euskaraldia
Eguen honetan aurkeztuko da Galdakaoko Euskaraldiaren edizio berria, eta horrekin, talde eragilea aurkeztu eta bertan parte hartzeko deia ere egingo du Bagabiz Euskara Elkarteak. Baina gainera, Soziolinguistika Klusterrak Galdakaon eta Usansolon egindako hizkuntzaren kale neurketaren emaitzak ere aurkeztuko dituzte.
Bagabiz Euskara Elkarte galdakoztarrak, Euskaraldiaren lehenengo edizioaren sustraitik jaiotako elkarteak, Euskaraldiaren Galdakaoko batzordea aurkeztuko du eguen honetan, urriak 6 Gandasegi eskolako areto nagusian 19:00etan.
Euskaraldiaren aurtengo nondik norakoak azaltzeaz gain, Ahobizi edo Belarriprest bezala izena emateko aukera zabalik dagoela gogoratuko dute Euskaraldiko kideek, taldean parte hartzera gonbitea eskaini eta bertsolariren bat ere egongo dela aurreratu diote ekimenetik Binkeri.
Baina gainera, albiste honen lerroburuari men eginez, Galdakaoko eta Usansoloko euskararen kaleko erabileraren neurketaren emaitzak aurkeztuko dituzte egueneko aurkezpenean. Neurketa hori Bagabiz elkarteak bultzatu zuen, Galdakaoko Udalak ordaindu eta Soziolinguistika Klusterrak egin zuen.
Esan bezala, emaitzak urriaren 6ko aurkezpenean eskainiko dira, baina datu batzuk dagoeneko aurreratu ditu Galdakaoko Udalak bere webgunearen bidez: Galdakaoko kaleetan entzundako elkarrizketetan, %14,5 euskaraz ari ziren.