Julene Royale: «Mailaz igotzeko playoff-ak jokatuko ditugu urtean zehar egindako lan gogorrari esker»

Argazkiak: Jon Gomez Garai eta Ibaizabal Saskibaloi Taldea.

Julene Royale, Ibaizabal Saskibaloi Taldeko jokalaria
BINKE / 2026ko apirila

«Harrobiko gazteei erakutsi nahi diet lan gogorrarekin maila gorenera heldu daitezkela»

· Julene Emily Royale Sacristán
2004, Galdakao

Miamin jaio zen eta bi urterekin etorri zen Galdakaora. Hemen egin zituen oinarrizko ikasketak, Gandasegin, Egian eta Elexalden. Ostean, Psikologiako eta Soziologiako graduak egin zituen Jacksonvilleko unibertsitatean, eta azkenik, Giza Baliabideetako Masterra Deuston. Gaur egun praktikak egiten ditu giza baliabideen alorrean, eta bitartean saskibaloira jokatzen jarraitzen du, Ibaizabal Saskibaloi Talde galdakoztarrean.

TESTUA:  Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai eta Ibaizabal Saskibaloi Taldea

Zazpi urterekin hasi zen saskibaloira jokatzen Julene Royale galdakoztarra, eskolako lagunekin egon nahi zuelako. Ibaizabal Saskibaloi Taldeko harrobian jokatu zuen denbora luzez, eta Estatu Batuetara jauzi egin zuen duela lau urte. Jacksonvilleko unibertsitatera joan zen ikasi eta saskibaloian jokatzera, eta hiru urte eman zituen han, Ibaizabalekin LF2 ligan jokatzera bueltatu den arte. Jokalari galdakoztarrarekin hitz egin dugu bere ibilbideaz eta taldearen denboraldiaz. 

Ibaizabal Saskibaloi Taldeko harrobian hasi zinen. Zein oroitzapen gordetzen dituzu lehen urteetatik? Lehen urtean pentsatzen dudanean beti etortzen zait burura saskibaloian hasi nintzela Egiako lagunak —dantza eskolara ere haiekin joaten nintzen— saskibaloira apuntatu zirelako eta nik haien jalguna izaten jarraitu nahi nuelako. Zazpi urte genituen, eta gaur egun ere lagunak gara. Denbora asko pasa da, baina oso ondo gogoratzen dut nire lehen partida, Paduraren aurka, Arrigorriagan. Talde zoragarria genuen, oso ondo moldatzen ginen elkarrekin, eta hasieratik gustatu zitzaigun lehiatzea. Hala ere, beti izan naiz lotsati samarra, oskol barruan sartzen den horietakoa. Baina kantxara sartzen nintzen momentuan beste pertsona bihurtzen nintzen: nire buruarengan konfiantza sentitzen nuen eta lotsa guztia galtzen nuen, beste Julene bat nintzen. Nire taldekideek eta entrenatzaileek lagundu didate seguru sentitzeko prozesu horretan.

Noiz konturatu zinen saskibaloia profesio izan zitekeela zuretzat? Txikitatik ikusi izan ditut klubetik jokalari asko igotzen nagusiekin jolasteko, eta haiek niretzat inspirazio handia izan dira, haien bidea jarraitzeko gogoa piztu didatelako. Haiek izan dira nire erreferenteak, eta amesten nuen noizbait haiek zeuden leku berean egon ahal izango nintzela. Nire lagunak eta taldeko guraso asko LF2ko partidak eta mutil nagusienak ikustera joaten ginen. Partiden ostean oso ondo tratatzen gintuzten, gurekin hitz egiten zuten eta abar, eta horregatik grina piztu zitzaidan. Ez nekien heldua nintzenean jokalari profesional izateko aukerarik izango nuenik, baina argi nuen entrenatu eta lan egin nahi nuela gaur egun nagoen tokira iristeko.

Zein balio transmititu dizkizu klubak txikitatik? Klubaz hitz egiten dudanean, ez naiz erakunde bati buruz ari, baizik eta bertan dauden pertsonei buruz. Horregatik, transmititu dizkidaten balioak nire prestakuntzan zehar alboan izan ditudan pertsonen bidez jaso ditut. Haien artean entrenatzaileak, taldekideak eta niretzat erreferente izan diren jokalariak daude. Haiek irakatsi digute taldean jokatzen, gure taldekideen ekarpena baloratzen, eta taldeko kideak babesten eta defendatzen —kantxan zein kanpoan—. Halaber, etengabeko ahaleginaren eta partida aurreko lanaren garrantzia ulertzen, eta helburuak lortzeko gogor lan egiten. Errespetatzen. Eta balio moduan hartu ezin bada ere, kirol honetarako dugun zaletasuna ere bai. 

Duela urte batzuk Estatu Batuetara joan zinen Jacksonvilleko unibertsitatean ikasi eta saskibaloian jokatzera. Zerk bultzatu zintuen hara jauzi egitera? Infantil adina nuenean Estatu Batuetako talde bat etorri zen Ibaizabaleko lehen taldearen aurka jokatzera. Niretzat, Urretara sartzen ikusi nituenean —zapatila haiek, denak modu berean jantzita, eta batez ere transmititzen zuten aura— argi izan nuen. Partida irabazi zuten, baina ez zitzaidan hori iruditu garrantzitsuena. Benetan arreta deitu zidan.

Zein izan zen erronkarik handiena hara egokitzeko? Nire etxetik, familiatik eta ohituta nengoen kirol‑ingurunetik urrun egotea ez zen erraza izan. Prestakuntza fisikoaren maila askoz handiagoa zen Galdakaon egiten genuenarekin konparatuta. Egunero goiz jaiki behar ginen entrenatzeko, eta ia egun guztietan pista‑saio bikoitzak eta gimnasio saioa geneukan. Eta hori guztia, jakina, klaseekin batera, eta denboraldian zeharreko bidaiak ere bai, aste bat bai, bestea ez. Diziplina handia behar da guztia kudeatzeko. Baina horretatik ere asko ikasi dut. Gizarteratzea zaila egin zitzaidan lehen urtean, baina hurrengo bietan asko hobetu zen. Bizitza osorako lagunak egin ditut.

Zein desberdintasun nabarmenduko zenuke AEBetako saskibaloiaren eta hemengoaren artean? AEBetako saskibaloia talentuaren eta jokaldi indibidualen araberakoa da neurri handi batean. Hemen, berriz, kontrakoa da: talde‑lanaren eta talde‑konexioaren araberakoa gara, eta noski, talentu indibidualak ere badu garrantzia, baina modu ezberdinean AEBetan egiten denarekin alderatuta. Pertsonalki, gure saskibaloia gehiago gustatzen zait. Kontuan izan orain ia guztiok bizkaitarrak garela. Saskibaloia modu berean ulertzen dugu eta bakoitzak ahal duen neurrian laguntzen du.

Zer ikasi zenuen etxetik kanpo izandako esperientziaz? Askoz independenteagoa naiz lehen baino. Ikasi behar izan dut nola antolatu nire burua ikasketak, kirola eta bizitza soziala uztartu ahal izateko. Jende mota eta jatorri guztietako pertsonekin sozializatzen ere ikasi dut, izan ere, Jacksonvilleko unibertsitatea nahiko txikia izan arren, Estatu Batuetako eta munduko toki guztietako jendea zegoen. Halaber, gehiago sinesten dut nahi dudana lortzeko dudan gaitasunean. Azkenean, bigarren urtearen hasieran konturatu nintzen ez nuela han jarraitu nahi, etxera itzultzea nahiago nuela, eta titulua lortuta itzultzea jarri nion nire buruari helburu, baina ahalik eta azkarren. Eta hemen nago, hiru urte geroago, etxeko taldean jokatzen eta unibertsitateko master bat egiten.

Zure jolasteko moduan, zein alderditan nabaritu duzu bilakaera handiena esperientzia horren ondoren? Ze galdera zaila… Lehen urtean nire jaurtiketa aldatu zidaten. Nire jaurtiketan konfiantza handia nuen, eta aldatu zidatenean segurtasuna galdu egin nuen. Minutu gutxiago jokatzea errazagoa egin zitzaidan, beka antolatzen zuten agenteek horren inguruan abisatzen zigutelako. Baina, alde positiboan, esango nuke nire defentsa izan dela gehien hobetu dena. Jacksonvillen jokalaririk txikienetako bat nintzen, eta askoz handiagoak ziren jokalarien aurka jokatzen genuen. Ez naiz azkarra, baina gorputza badut, eta gustatzen zait jokalari handiagoak defendatzea. AEBetara joan aurretik, joko‑irakurketa gustatzen zitzaidanez, horretan gehiegi oinarritzen nintzen, gogorrago defendatu beharrean. Hala ere, taldean defendatzaile bikainak izateak eta Txutxik, gure entrenatzaileak, asko lagundu didate hori gehiago lantzen.

Estatu Batuetan hiru urte eman ostean, Ibaizabalera bueltatu zara. Zer esan nahi du zuretzat etxera itzultzeak? Ibaizabalera itzultzea, niretzat, hazitako etxera bueltatzea da: nire familia guztia dagoen lekura, nire lagun guztiak dauden tokira, eta ezagutzen dudan guztira. Beti izan dut oso argi Estatu Batuetatik bueltan Ibaizabalera itzuliko nintzela. Ilusio handia egiten zidan klubeko mailarik gorenean jokatzea, bizitza osoan harrobikoa izan ondoren. Harrobiko neska-mutilei erakutsi nahi nien lan gogorrarekin maila gorenera iritsi daitekeela.

Nolakoa izaten ari da taldearen denboraldia orain arte? Harrigarria. Inork ez luke pentsatuko orain gauden momentuan egongo ginela. Datorren hilabetean, mailaz igotzeko playoff-ak jolastuko ditugu. Hau urte osoan zehar izan egin dugun lanari eta gure artean izan dugun giro onari esker izan da. Talde ikaragarria daukagu, saskibaloi maila altua duena, baina batez ere, nire taldekideak oso atseginak direlako. 

Zeintzuk dira aurten taldearen indargune nagusiak? Zelai barruan defentsa, intentsitatea eta jolasteko jartzen ditugun gogoak dira gure ezaugarri nagusiak.

Eta zein alderdi hobetu ditzakezue oraindik? Uste dut taldeak ondo funtzionatzea lortu duela, baina horrek ez du esan nahi guztiok partidu beretan %100ean egon garenik. Batzuetan batzuek izaten dute egun hobea, eta beste batzuetan besteek. Jaurtiketetan erregularitasun handiagoa izango bagenu, lasaiago ibiliko ginateke. Beti egon behar du hobetzeko zerbait.

Zaleei bidali nahiko zeniekeen mezuren bat? Eskerrik asko eman nahi dizuet denboraldian zehar Urretara etorri zareten guztioi. Animatzen gaituzuen bakoitzean aldea nabaritzen da. Azken esfortzu bat eskatuko nizueke geratzen zaigunerako: etorri, animatu, arratsaldea gurekin pasa eta gozatu Bizkaiko saskibaloiaz, hemen, Galdakaon. Gradak beteta ikustea sekulako bultzada da, eta zalantzarik gabe hobeak egiten gaitu. •

situs togel

situs toto