Loroño klinika, herritik eta herriarentzat sortutakoa

Argazkia: Jon Gomez Garai.

Duela 35 urte jaio zen Clínica Dental Loroño Galdakaon, Joseba Loroño herrikidearen eskutik. Ordutik, berrikuntza eta garapen etengabean dago, eta gaur egun bizi duen egoera ezagutzeko helburuz, Joseba eta harekin lan egiten duen bere seme Markelekin hitz egin du BINKEk.

Dentista gutxi zeuden Galdakaon duela 35 urte. Testuinguru horretan eta betidanik buruan izandako ideia errealitate bihurtzeko asmoz, Joseba Loroño doktoreak hortz-klinika propioa zabaltzea erabaki zuen behin ikasketa nagusiak amaituta. Medikuntzan, kirurgian eta odontologian lizentziatua da Loroño, eta espezialista unibertsitarioa da ahoko inplantologian zein errehabilitazioan. Baina gainera, irakasle ere ibilita dago EHUn 20 urtez, eta hitzaldiak eskaintzen jarraitzen du gaur egun.

Garapen etengabea. Plazakoetxen hasi zuen Clínica Dental Loroñok bere ibilbidea 1991. urtean, Joseba bera hazi zen lekuan. Orduan Aintzane —Josebaren koinata— eta bera baino ez ziren langile, eta bi kabinete zituzten. Baina gaur 11 profesionalek osatzen dute lan-taldea, eta lau kabinete eta ebakuntza-gela hornitua dituzte Juan Bautista 10 kalean kokatuta dagoen klinikan. «Markel bide honetatik ere zioala konfirmatu genuenean, klinika handiago bat eta baliabide hobeekin sortzea erabaki genuen», adierazi dio Josebak BINKEri.

Belaunaldiz-belaunaldi. Markel Loroño —Josebaren semea— odontologian graduatua da, eta aho-aurpegiko birsorkuntza-terapiako eta ahoko inplantologiako errehabilitazioko masterra du. Gainera, Bizkaiko Odontologoen Elkargoko batzordekidea ere bada Markel. «Unibertsitatea hastean dudak izan nituen, baina aurrera egin ahala nik ere bide hau hartu nahi nuela argi  izan nuen. Asko eskertzen dut etxean inoiz presiorik ez izana zer egin nahi dudan aukeratzeko. Nik bakarrik hartutako erabakia izan zen odontologian murgiltzea. Agian betidanik ikusi dudana izateak pisua izan zuen», dio Markelek barrezka.

Talde-lana. «Oso pozik» egiten dute lan batera aita-semeek. «Ohorea eta harrotasun ezin handiagoa da semea nirekin egon ahal izatea eta badakit errelebo ezinhobea izango dudala erretiroa hartzean», dio Josebak. Badu jubilatzeko adina, baina ez dabil horretan pentsatzen: «Maite duzuna egiten duzunean ez duzu lan moduan hartzen. Galdakaoko jende askorentzat ni naiz klinikako erreferentea eta niri asko gustatzen zait haien osasuna zaintzen jarraitzea». 

Babesa herriko ekintzei.  Herritik eta herriarentzat sortutako negozioa dela argi dute aita-semeek: «Galdakaoko jendetik edaten dugu guk, eta jasotzen dugu babes hori bueltatzea gure beharra da». Horregatik, herrian egiten diren hainbat ekintza babesten ditu Clínica Dental Loroñok, besteak beste, Herri Krosa, San Silvestre lasterketa, Ganguren Mendi Taldearen ekintzak, eta BINKE. «Herriak ematen digun dena bueltatzeko modu bat da, eta guri gainera asko gustatzen zaigu kirola».

Profesional ezagunekin lanean. Gizartearekin batera hazten joan den komertzioa da Clinica Dental Loroño, eta horretarako azken berrikuntzak erabiltzen dituzte tratamenduetan. Gaur egun, klinikak odontologiaren arlo guztiak lantzen ditu, hala nola inplantologia, protesia, ortodontzia, haurren hortz-programa, hazkuntza-faktoreak, periodontzia eta hortz-estetika. «Gure sektorean ezinbestekoa da formazioa eguneratzen joatea, ezin zarelako berrikuntzetatik kanpo geratu», dio Josebak.

Bide horretatik, mundu osoan lan egiten duen Eduardo Anitua odontologoarekin —2021ean Espainiako Berrikuntza Sari Nazionala jaso zuen — lanean ari dira. Zehazki, plasmak erregenerazio prozesuetan duen eragin positiboa baieztatu duen mundu mailako ikerketa batean parte hartu du klinika galdakoztarrak. «Ohore itzela da munduko profesional onenetariko batekin lan egin ahal izatea eta berarekin ikastea», nabarmendu du Josebak. •

situs togel

situs toto