Galdakaoko Udalak lau ekintza eskainiko ditu apirilean herriko adinekoentzat. Zehazki, Algortako Portu Zaharrera bisita, Ganzabalera mendi irteera, eta bide segurtasunari eta emozioari buruzko tailerrak antolatuko ditu.
Adineko pertsonak aktibo mantentzeko, Galdakaoko Udalaren Gizarte Ekintzako Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuak zenbait ekintza eskainiko ditu apirilean herriko adinekoentzat.
Honakoak dira ekintza horien xehetasunak:
Apirilak 21, martitzena: bisita kulturala Algortako Portu Zaharrera, 10:30ean gazteleraz eta 12:00etan euskaraz. Parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea, gehienez 30 lagunek egin ahal izango baitute jarduera.
Apirilak 22, eguaztena: Emozioak gorputzaren bidez tailerra. Maiatzean eta ekainean ere egingo da, astean behin 11:30etik 13:00etara, Bengoetxe auzoko Danok Aurrera egoitzan. Parte hartu ahal izateko aurretik izena ematea beharrezkoa da.
Apirilak 28, martitzena: Ganzabal menditik ibilbidea, Grazal errekaren bidetik. Interesdunek apirilaren 17tik aurrera izena eman ahal izango dute, 30 plaza bete arte.
Maiatzak 4, astelehena: Arriskua gutxien espero duzunean dago. 100 aldiz begiratu bide segurtasun tailerra. Jarduera hau Bengoetxeko Danok Aurrera egoitzan izango da, 17:00etatik 18:30era. Taldea gehienez 24 pertsonek osatuko dute eta parte hartu ahal izateko izena emateko epea zabalik dago.
Horiez gain, adineko pertsonen beharrei erantzuten die zerbitzuak. Aisialdirako jarduerak proposatzen ditu, IMSERSOko bidaien inguruko informazioa eta jubilatu eta pentsiodunentzako informazioa eskaintzen du —Terma programan, garraioetan deskontuak…— eta orotariko kontsultak eta aholkularitza ematen ditu.
Proposatutako jarduera guztietan, izena emateko lehen egunean, arreta ordutegia 08:00etatik 13:30era izango da; gainerako egunetan, Adinekoen Dinamizatzeko Zerbitzuaren bulego ordutegia 10:00etatik 13:30era izango da astelehenetan, eguaztenetan eta barikuetan, eta eguenetan 16:00etatik 18:00etara. Pertsona bakoitzeko gehienez bi inskripzio onartuko dira jarduera guztietan.




