Urreta kiroldegiko gimnasio berria urriaren 1ean zabalduko da

Argazkia: Galdakaoko Udala.

Galdakaoko Udalak kirol zerbitzuen eskaintza zabaldu du, eta besteak beste, 600 metroko gimnasio berria sortu du Urreta kiroldegian. Gela urriaren 1ean jarriko da martxan, eta aurreko egunean bisita gidatua eskainiko da herritarrentzat.

Galdakaon kirol zerbitzuak eskaintzen dituen enpresaren kontratua abuztuan bukatuko zen, eta berria irailean martxan jarri du Udalak.

Kontratu berriak lau urteko iraupena izango du, eta 12 milioi eurotik gorako aurrekontua. Hortaz, 3 milioi eurotik gorako inbertsioa eragingo du urtero, gaur egun baino %85 gehiago.

Udal kirol zerbitzuak indartu ditu kontratuak, eta fitness gela berria sortzeko aukera eskaini du. Gelak 600 metro koadro inguruko azalera izango du, eta espazioa hainbat gunetan banatuko da, besteak beste, kardio eta muskulu lanerakoak.

Gimnasio berria urriaren 1ean zabalduko da, eta aurreko egunean, irailak 30, herritarrentzako inaugurazio ekitaldia egingo da. Ekitaldiaren ondoren, bertaratzen direnek kiroldegi osoa eta instalazio berria barrutik ezagutzeko aukera izango dute, Kirol arloko eta Obra eta Zerbitzu arloko zinegotziekin egingo den bisita gidatuaren bidez.

Aurretik, halaber, Galdakaoko kirol talde, klub eta elkarteekin bisita egingo da, gimnasioa eta haren ezaugarriak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dezaten.

Herritarrek beste egun batean ere izango dute instalazio berriak ezagutzeko aukera. Urriaren 5ean bi bisita gidatu egingo dira: lehena 11:30ean, eta bigarrena 18:30ean.

Bisita hauetan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da, kiroldegia-bisita@galdakao.eus helbidera mezu elektronikoa bidalita. Mezuan izen-abizenak, telefono zenbakia, bisita zein ordutan egin nahi den eta zenbat lagun bertaratuko diren adierazi beharko da.

Izena emateko epea, zabalik

Gimnasio berria erabiltzeko izena zabalik dago, eta izapidea online egin daiteke, baita aurrez aurre ere, Urreta kiroldegiko harreran bertan, ohiko ordutegian.

Gimnasioa erabiltzeko tarifak erabiltzailearen abonatu egoeraren eta adinaren arabera egokituko dira; horrela, hileko sarbideak 25 euroko kostua izango du abonatuentzat, 17,25 eurokoa 17 urtetik beherako abonatuentzat, 50 eurokoa abonatu gabeentzat eta 37,50 eurokoa 17 urtetik beherako abonatu gabeentzat. Hileko modalitateaz gain, saio bakarreko sarbidea ere izango da erabilgarri.

Beste berrikuntzetako bat sarbide ordutegia zabaltzea izango da: astelehenetik barikura gimnasiora 07:00etatik aurrera sartzeko aukera izango da, irekiera ordubete aurreratuz.

situs togel

situs toto