«Katalanen batasuna», Miren Rodrigo
Miren Rodrigo Aurtenetxe
BINKE / 2017ko urria
Katalanen batasuna
Duela sei urte heldu nintzen Bartzelonara, eta urriaren 1ean bozkatu nuen. Inork ez ninduen bozkatzera derrigortu. Nahi izan nuelako eta gure eskubidea delako bozkatu nuen, nahiz eta euskalduna izan erdi katalana ere sentitzen naizelako. Erabakitzeko eskubidea badugu eta horregatik, erreferendum egunean bizitakoa ez dut sekula ahaztuko. Eskoletan eta herri desberdinetan bizi izandakoa, itzela bezain hunkigarria izan zen; adineko pertsonak, umeak, nerabeak… denak elkartu ginen bertan. Denak helburu berdinarekin: bozkatzea. Eta berdin zen independentzia bai edo ez bozkatuko zenuen, berdin errespetatzen baitzen bakoitzak egindako hautua, egunkari, irrati edo telebista batzuetan kontrakoa esan den arren. Gogoan dut 90 urteko andra bat, bozkatu ondoren, negarrez hasi zenean nola besarkatu genuen. Tentsioz eta emozioz betetako eguna izan zen, egun historikoa Kataluniarentzat eta lezio argi bat guztiontzat, batez ere estatu espainiarrarentzat. Eta orain zer? Gertatuko denaren esperoan gaude. Argi dago, katalan gehienek zer nahi duten, baina ez dugu ahaztu behar batez ere bakea eta askatasuna nahi dutela, eta euren eskubideak aldarrikatuko dituztela beti nahiz eta jipoituak eta zapalduak izan.