Gaztetxearen okupazioa EH Bilduren «pasibotasunari» leporatu dio Galdakaoko EAJk

Gaztetxearen alde apirilaren 17an egindako manifestazioa. Argazkia: Izetu Gazte Asanblada.

Aste honetan galdakoztar askoren ahotan bolo-bolo dabilen gaia da gaztetxe berriaren okupazioa, zapatuan Ertzaintzak hustu zuena. Aldiz, talde politiko bakarrak eman du bere iritzia momentuz: EAJk. Eta EH Bilduren aurka egiteko eman du, okupazioa «udal-espazioen defizitari eta EH Bilduren pasibotasunaren» ondorio dela esateko.

Apirilaren 11n aldarrikatu zuen Izetu Gazte Asanbladak Galdakaon egindako okupazioa: udalerriko Bizkai kalearen 12. zenbakian hutsik eta abandonaturik zegoen eraikina gaztetxe bilakatu zuen, «gaztetxe baten beharrizan argiari» erantzunez «eraikinari guk antolaturiko tresna eta ekintzen bitartez bizi berri bat emateko».

Aldeko hamaika gazte batu zaizkio azken egunotan gazteek gazteentzako sortutako espazio berriari, eta horren adibide izan zen bariku arratsaldean —apirilak 17— ehunka gaztek egin zuten manifestazio jendetsua. Baina ia astebeteko isilune politikoaren ostean, EAJ izan da iritzi publikoa ematen lehen alderdia: EH Bilduri leporatu dio gaztetxearen okupazioa, barikuan bidalitako prentsa oharrarekin.

Alderdi jeltzalearen ustez, «udal-espazioen defizitari eta EH Bilduren pasibotasunaren» ondorio da gaztetxearen okupazioa. Galdakaoko EAJ-PNVk bere «kezka sakona adierazi du espazio publikoaren kudeaketak eta erakunde zein gazteen beharrei ematen zaien arretak hartu duten norabideagatik».

Galdakaoko Udal Gobernua hiru taldek osatzen dute —EH Bildu, Auzoak eta Usansolo Herria— baina EH Bildu nagusi delakoan, koalizio abertzaleari egotzi dio «udalerria jabetza pribatuan eta gure gazteen segurtasunean eragiten duten gatazken agertoki bihurtzea». Eta hori, jeltzaleen ustez, «EH Bilduren gobernu taldeak lokalen politika errealik ez izatearen ondorio zuzena da».

Galdakaoko EAJk bidalitako ohar berean, gainera, elkartasuna adierazi die «kaltetutako jabeei», eta nabarmendu du «ezin dela onartu Udalaren geldotasunak eskubide pribatuen urraketan eragitea».

Era berean, kezkaz ikusten dute alderdi jeltzaletik okupatutako eraikinaren osasungarritasun eta segurtasun falta: «Galdakaoko gazteak hondatutako guneetan biltzen uztea arduragabekeria politikoa da, eta haien osotasun fisikoa arriskuan jartzen du».

EH Bildu «bere erretorikan murgilduta» dago oposizioko talde nagusienaren ustez, eta bitarte horretan herriko elkarteak egoitzarik gabe daudela eta gazteria «abandonatuta» dagoela gaineratu du.

Horregatik, «inbertsio faltaz» ere kexatuta, «behingoz udal lokalen inbentarioa eta segurtasunean oinarritutako esleipen-plan gardena» aurkez dezala eskatu dio EAJk koalizio abertzaleari, «araudia betetzen duten espazioak eskainiz, okupazioa udal kudeaketa ezaren aurrean irtenbide bakarra izan ez dadin».

Okupazioa iragarri eta astebetera hustu du Ertzaintzak Bizkai kaleko eraikin abandonatua biziberritzeko asmoa zuen gaztetxe galdakoztar berria, BINKEk bideoz erakutsi bezala.

situs togel

situs toto