Galdakaoko gaztetxe berria defendatzeko manifestaziora deitu dute gaur arratsalderako

Argazkia: Izetu Gazte Asanblada.

Galdakaoko gaztetxe berria arriskuan dagoela salatu du Izetu Gazte Asanbladak, eta gazteentzako espazioa defendatzeko manifestaziora deitu dute gaur arratsalderako. Gaztetxearen egoera azaltzeko prentsaurrekoa eskaini zuen atzo asanbladak, eta horren xehetasunak batu ditugu albiste honetan.

Hamar urte gaztetxerik gabe egon ostean, gaztetxe berria du Galdakaok. Pasa den zapatuan iragarri zuen Izetu Gazte Asanbladak Bizkai kaleko eraikin abandonatu bat okupatu eta gaztetxea sortu dutela.

Aste honetan zehar asanbladak, auzolana eta ekintzak batu dituen egitaraua antolatu dute, eta ehunka gazte galdakoztarrek parte hartu dute horietan. Herenegun ordea, espazioa arriskuan dagoela salatu zuten, BINKEk jaso zuen moduan.

Horregatik, gazteentzako espazioa defendatzeko manifestaziora deitu du asanbladak gaur arratsalderako. Mobilizazioa 19:00etan hasiko da Iturrondo plazatik, eta herriko gazte guztiak deitu dituzte batzera: «Gaztetxea defendatu eta epaiketa gelditu dezagun».

Epaiketa astelehenean

Gaztetxearen egoerari buruzko xehetasunak eskaintzeko, prentsaurrekoa eskaini zuen atzo Izetu Gazte Asanbladak, eta bertan, «gaztetxea gazteon interesak asetzeko aterpe bat dela» nabarmendu zuen, «instituzioekiko modu independentean antolatu eta borrokatzeko tresna».

Asanbladak azaldu zuenez, pasa den zapatuan gaztetxea aurkeztu eta gero, domekan izan zituzten espazioaren jabearekin lehen hartu-emanak, eta horrek denuntzia jarri zuela komunikatu zien.

Bestalde, identifikatua izan zen pertsonak astelehenean epaiketa duela jakinarazi zioten asanbladari eguaztenean.

Guzti hori, «okupazioaren kontrako beste ofentsiba bat besterik ez dela» nabarmendu dute Izetutik: «Jabetza pribatua kosta ala kosta denfendatu eta gaztetxeak modu azkarrean desalojatzean oinarritzen dena».«Gizarte kapitalistan balio gehiago du azalpenik gabeko jabetza pribatuak ehunka gazteren proiektu kolektibo batek baino», adierazi dute.

«Dena ez da amaitu. Gaztetxearen proiektua fase berri batean aurkitzen da orain. Desalojoa edozein momentuan iristeko arriskuan gaude. Hori dela eta, dei egiten diegu Galdakaoko kolektibo eta norbanako guztiei hurrengo egunetako deialdietara adi egon eta gaztetxea defendatzera hurbiltzera», azpimarratu dute gazteek.

Amaitzeko, asanbladaren eskakizunak argiak direla azpimarratu zuten: «Gaztetxeak aurrera egin eta desalojoa bertan behera uzteko exijitzen diogu jabeari eta bertan eragina izan dezaketen instituzio publiko ezberdinei».


situs togel

situs toto