«Psikotxertoa», Elena Diaz
Elena Díaz Ereño
BINKE / 2020ko apirila
Psikotxertoa
Nork ez du momentu larri honetan, WhatsAppetik jaso duen konfinamenduari buruzko broma edo txiste batekin barre egin?
Egoera tragiko honi inolako garrantzirik kendu nahian, gizakiok tragikomediarako prestatuta gaudela esango nuke, biziraupenerako babes-mekanismo bezala. Alerta-egoeraren aurrean ihes egiteko erantzun fisiologikoa badugu ere, konfinamenduan, argi uzten ari gara estresari aurre egiteko baditugula baliabide, psikosozialak, gure burutik beldurrak eta kezkak uxatzeko.
Hiru aste luze itxialdian egonda gero, atzera begiratuz, inoiz espero ez genuena gertatu zaigu. #Etxeangeratu agindupean, etxean geratu behar, osasuna babeste aldera eta etxetik lanak, ikasketak, zainketak… jarraituz. Goibel geratu beharrean edo gure bizilekua itogarri sentitu beharrean, banaka, binaka eta taldeka gure onena atera dugu. Teknologiak eman dizkigun aukeren bidez, inoiz baino gehiago lagundu diogu elkarri: dantza, musika, kirola, gomendioak, denetatik partekatu dugu, hobeto sentitzeko asmoz.
Digitalki aurrez-aurre elkartu gara, ziberpintxo-potean, ziberkantarian, ziberafarian… Eta fisikoki, herritarrok balkoietara atera gara, emozioak plazaratzeko eta iluntzeko zortziretan sanitarioei txalokatzeko.