«Elkartasuna», Naiara Martinez
Naiara Martinez Ruiz
BINKE / 2020ko apirila
Elkartasuna
Emi ordu txikitan deitu eta «noski, zurekin noa» erantzuna telefonoaren bestaldean. Juanfran urteberri-egunean eta «ados, lagunduko zaitut». Bai, mundua eskuzabaltasun pandemia batean murgildurik bizi da. GKE batean lan egiteak gure gizartearen gaineko ikuspegirik gozoena oparitzen dit egunero; 365 egunez 24 orduz besteen behar izanak asetzen laguntzeko prest dauden pertsonaz inguraturik bizitzeko aukera.
Ezustean, martxoak 15, domeka. 00:00ak. 6300 kutsatu. 200 hildako. Konfinamendua hastera doa. Milioika pertsona etxean giltzapeturik. Martxoak 16, astelehena. 08:00ak. Lanera. Dei bat: «ez naiz GKE honetako boluntarioa, baina krisi honetan laguntzeko prest nago». Beste bat: «etxerik ez duten pertsonentzako egoerak irauten duen bitartean babeslekurik duzuen jakin nahiko nuke». Hirugarrena, laugarrena…100 dei.
Bai, ezohiko domeka horretan elkartasunak kutsatu gintuen, gizakion on egiteak esponentzialki biderkatuz. Elkartasun kurbak gorantza darrai ordutik. Bejondeigula! Baina, bihotz oneko lagun, ONG handi bateko sail txiki bateko mahai txikiago batetik, azken mesede bat eskatu nahi dizut. Mesedez, ez daiten kurba apaldu. Munduak Emi-ak eta Juanfran-ak urte guztian zehar behar ditu.