«Inoiz baino gertuago», Janire Martinez
Janire Martinez Ruiz
BINKE / 2020ko ekaina
Inoiz baino gertuago
Arrasti gabetan egiten genituen bideo-deiak, Whatsapp bidez elkarri bidaltzen genizkion argazki eta berriak, hiru minututik gorako Whatsapp audioak… Luzatzen ziren telefono deiak? Are ohikoagoak.
Osasun krisiaren ondorioz, konfinamendu garaian eman zen egoera dirudien arren, senideak urrun ditugun pertsonen egunerokotasuna baino ez da. Pantaila txiki baten bitartez konpartitzen baititut nik nire ahizparekin duela bi urte eta erditik hona, amets, lorpen eta buruhauste guztiak.Konfinamendu egoeran, berarekin harremanetan jartzeko modua aldatuko ez zelakoan nengoenean, hara non eta bizitzak aho zabalik utzi ninduen. Nork esango ote zidan ba nire ahizparekin berriro ere bizitzeko aukera bilakatuko zenik.
Bizitzaren gorabeheren aurrean, nire egunerokotasunak 180°ko bira eman eta konfinamenduak nire ahizparen etxean harrapatu ninduen. Zoritxarrez, bizi izan dugun egoerak pertsonen arteko harreman zuzena oztopatu du.
Nire kasuan, berriz, gutxitan ukitzen dudan azala laztantzea ahalbidetu dit, hain gogoko ditudan besarkadak egunero jasotzea, eta hainbeste maite dudan nire ahizparekin bizikidetzak berarekin dakartzan plazerez gozatzea.